Arabako egoitza pribatuak eta etxebizitza komunitarioak
Greba deitu dute apirilaren 25ean lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmen probintzial baten alde

ELAk eta LABek beste greba egun bat deitu dute apirilaren 25erako Arabako egoitza pribatuen eta etxebizitza komunitarioen sektorean. Arabako Mugimendu Feministak, Zaintza Araba senideen elkarteak, Babestu Araba senideen elkarteak eta Arabako Pentsionistak Lanean elkarteak babesa eman diote zaintzak duintzeko borrokari.
Bi urte baino gehiago daramatzate euren lan baldintzak eta zerbitzuaren kalitatea hobetuko dituen hitzarmen probintzial baten alde borrokan, baina patronalak eta Arabako Foru Aldundiak negoziazioaren edozein aurrera pauso blokeatzen jarraitzen dute.
Gogoratu behar da Arabako egoitza pribatuetan eta etxebizitza komunitarioetan egoera guztiz prekarioa dela: 1.784 orduko lanaldia dute urtean, eta 26 lan kategorietatik 11k gutxieneko soldata baino soldata txikiagoa dute.