Avanza (Lurraldebus)

Greba deitu dute Aste Santuan gehiegizko lanaldiak eta aparteko orduen deskontrola salatzeko

2025/04/08
Lanaldiaren arloan akordioak lortzeko enpresak duen borondate eza eta Gipuzkoako Foru Aldundiak enpresarekin duen konplizitatea ikusita, ELA, Aurrera eta LAB sindikatuek beste 6 greba egunetarako deia egin dute, apirilaren 16tik 21era.

Enpresa Batzordeak berriki salatu ditu Lan Ikuskaritzan Avanza enpresako (Lurraldebus) gidarien gehiegizko lanaldiak. Hitzarmenean jasotako urteko 1.650 gidatze orduei beste 200 lan ordu baino gehiago gehitu behar zaizkio, urtean guztira 1.870 lanordu izateraino kasu batzuetan.

Ikuskaritzak lanaldiari buruz negoziatzeko eskatu die aldeei, baina oraingoz, 18 eguneko grebaren ondoren, enpresak urtean 10 orduko ordu murrizketa besterik ez du eskaini, proposamen guztiz eskasa.

Bestalde, Ikuskaritzak, grafikoak aldatzeko eskatu dio enpresari, baina gaur gaurkoz ez da inolako aldaketarik egin hemen ere.

Testuinguru honetan, eta jada iraungita dagoen kontzesioarekin, langileei jakinarazi zaie beste 5 urtez luzatu zaiola Avanzari kontzesioa. Onartezina da Gipuzkoako Foru Aldundiaren jarrera. Erabaki honekin Enpresa saritzen ari da, eta lanaldiaren erregulazioaren arloko gutxienekoak urratzen jarraitzeko aukera ematen dio.

Gainera, Avanza enpresak Lurraldebusen kontzesioa kudeatzen duenetik, flotak okerrera egin du, eta lan baldintzak behar baina gutxiago hobetzen ari dira, eta beti grebek bultzatuta.

Avanza enpresako langileek garraio publikoaren kostuaren murrizketa txalotu dute, eta herritar guztientzako doako eta kalitatezko garraio baten aldeko apustua egiten dute, baina azpimarratu dute hori ezin dela plantillaren lan baldintzen eta flotaren narriaduraren kontura izan.

Horregatik guztiagatik, Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu diote Aste Santurako deitutako 6 greba egunak bete ondoren 24 eguneko greba pilatuko duen gatazkari irtenbidea emateko.

Era berean, ohartarazi dute udan greba mugagabea hasteko aukera dagoela, adierazitako arazoei irtenbidea emateko gai ez badira.