Greba deitu dute azaroaren 24an hitzarmenaren negoziazioaren blokeoa hausteko
ELA, UGT, CCOO eta LAB sindikatuek prentsaurrean salatu dute Errepidezko Merkantzia Garraioaren Hitzarmen Kolektiboaren negoziazioa blokeatuta dagoela. Izan ere, maiatzaren 5eko bileraz geroztik geldirik dago, ANET patronalaren jarreragatik. Indarrean dagoen azken hitzarmena 2007 eta 2008 urtekoa da, eta ultraktibitate klausulari esker baino ez da mantentzen. Horrek sektorea guztiz zaharkitutako baldintzekin utzi du, 17 urtez akordio berririk gabe. 2023ko urrian negoziazio mahaia berrireki zen arren, ez da benetako aurrerapausorik izan.
ANETek aurkeztutako proposamena eskasa izateaz gain, eskubideetan atzerapausoa ere izango litzateke. Patronalak lanaldi irregularra zabaltzea planteatzen du, ordainsariak murriztea —gauez egindako lanena, besteak beste—, urtean 64 ordu gehiago ezartzea aparteko ordutzat hartu gabe, eta ultraktibitatea ezabatzea, langileak guztiz babesgabe utziz. Soldata arloan, 2031ra arte %22ko igoera proposatzen du, 2008tik pilatutako KPIaren %31tik oso behera, hitzarmenaren “iraunaldi gehiegizkoa” eta plusen xurgapena gehituta.
Horren aurrean, sindikatuek 2008ko hitzarmenaren soldata eguneratzea aldarrikatzen dute, 2025erako %32,1eko igoera metatua aplikatuta, eta urteko berrikuspenak KPIari lotuta, gutxienez %2koa 2028ra arte. Atseden eskubidea bermatzeko eta lanaldiaren banaketa bidezkoa izateko neurriak ere eskatzen dituzte: urteko karga 1.720 orduetan mugatzea 215 egunez, astean bi atseden egun jarraitu bermatzea eta lanaren plangintza ordenatuko duen urteko lan egutegi bat ezartzea.
Aurrerapenik ezean eta negoziazioaren blokeoa dela eta, ELAk, UGTk, CCOOek eta LABek 24 orduko greba deitu dute: azaroaren 23ko 22:00etatik azaroaren 24ko 22:00etara. Greba egunean, 8:00etatik 9:00etara mobilizazioa egingo da Garraio Hirirako sarrerako biribilgune nagusian, eta ondoren martxa ANETen egoitzaraino. Gainera, bigarren kontzentrazioa izango da 13:00etan PA-30eko biribilgunean. Sindikatuek ohartarazi dute mobilizazioekin jarraituko dutela patronalak bere jarrera ez badu aldatzen eta duina, bidezkoa eta orekatua den hitzarmena lortzen ez bada.