Astigarragako Cotronic (Telefonicaren azpikontrata)

Greba deitu dute lan istripu larria izan ondoren kaleratu zituzten bi langile berriz hartzeko

2024/01/23
Greba egingo dute otsailaren 5, 6, 27, 28 eta 29an Astigarragako Cotronic enpresan lan istripu larri baten ondoren kaleratutako bi lankideak berehala lanera itzultzea eskatzeko. Bi langile hauetako bat larri zauritu zen istripuan.

Cotroniceko langile bat altuera batetik erori zen Gabirian 2023ko irailaren 15ean. Geroztik langilea bajan dago, oso larri zauritu baitzen. Gainera, gertakariak ikusi zituen lankidea ere bajan dago, istripuaren ondorioz enpresak egindako presioengatik. Bi langileei urtarrilean eman zitzaien kaleratzeen berri, eta enpresak prebentziozko ez-betetzeak alegatu ditu.

ELAk deitutako grebaren helburua da bi langileak berehala onar ditzatela eta hogeita hamar bat langileen baldintza prekarioak salatzea. Lan karga handiak eta esleitutako zereginak ahalik eta lasterren amaitzeko exijentzia langileen egunerokoa dira, lan baldintzak okertu eta eskatutako gutxieneko prebentzio neurriak ere bete gabe.

ELAk argi du Cotronic eta Telefonica direla gertatutako istripuaren erantzule, baita nahitaezko prebentzio neurriak ez betetzearenak ere. Izan ere, ahalik eta etekinik handiena atera nahi dute, langileen segurtasuna eta osasuna alde batera utzita.

Era berean, sindikatuak gogor arbuiatzen ditu kaleratzeak, eta argi du eraso horren erantzuna antolakuntza eta borroka izan behar direla. Horregatik egingo dituzte sei greba egun.