Iruñeko IKEA
Greba deskantsurako eta kontziliaziorako eskubidearen alde

ELA sindikatuak greba eguna deitu du gaur, abenduak 22, La Moreako IKEAren zentroan, langileek igande eta jaiegunetan atseden hartzeko duten eskubidearen alde. Protestak lana eta familia hobeto uztartzea aldarrikatzeko da, enpresako zuzendaritzak errespetatu gabe jarraitzen duen eskubidea. Egun osoa iraungo duen grebaz gain, elkarretaratzea egin dute enpresaren instalazioen aurrean.
ELAk % 100eko ordezkaritza sindikala du lantokian, eta data hauetan enpresan deitutako bigarren greba da, 2023ko abenduaren 24an egindakoaren ondoren. Orain arte, IKEAk ez du gai honi buruzko elkarrizketarik egin nahi izan.
Enpresaren jarreraz gain, ELAk salatu du Nafarroako Gobernuak, urtez urte, legezko estaldura ematen diola eta igandeetan eta jaiegunetan merkataritza irekitzeko baimena ematen diola CENek alde bakarrez erabakitzen duenari. Maria Chivitek gobernuan 6 urte eman ondoren, Nafarroako Gobernuak ez du publiko egin zer iritzi duen igande eta jaiegunetan irekitzeari buruz, ELAk Nafarroako Merkataritza Kontseiluaren bilera bakoitzean horren inguruko interpelazio zuzena egin dion arren.
ELAk eskatu du Nafarroako Gobernuak paper aktiboa har dezala Estatuko oinarrizko legea aldatzeko. Lege hori Mariano Rajoyren garaikoa da, eta igandeetan eta jaiegunetan gutxienez 10 aldiz irekitzea eskatzen du. Horrez gain, foru erkidegoak merkataritza eredua hemen erabakitzeko dituen eskumenak defendatzeko eskatu du. Ez defendatzeak, da merkataritza gune handiei bakarrik mesede egiten dien sistema baten alde egitea da, tokiko eta hurbileko merkataritzaren kaltetan, eta, jakina, merkataritzan lan egiten dutenen lan eskubideen kaltetan, gehienak baldintza eskasetan dauden emakumeak izanik. Gogoratu behar da, kasu askotan, astean 6 eguneko lanaldiak direla, astean atseden egun bakarrarekin, eta abenduaren 22ko igandean ez dela hala izan.
ELAk merkataritzan lan egiten duten pertsonak antolatzera animatu ditu, mobilizazioaren bidez igande eta jaiegunetan atsedenerako eskubidea errespeta dadila eskatzeko. Era berean, dei egiten diegu nafar herritarrei igande eta jaiegunetan ez erosteko, sektoreko langileen aldarrikapenarekin bat eginez.