Bizkaibus

Greba egin dute lan baldintzak eta zerbitzua hobetu eta lanpostuak bermatzeko

2023/03/16
Bizkaibuseko lau emakidadunetako plantillek egin dute greba enpresei eta Aldundiari soluzioa exijitzeko. Avanzarekin dagoeneko lortu du ELAk akordio ona. Beste bi greba egun egingo dituzte martxoaren 22an eta 28an.

Ezkerraldea Meatzaldea Bus, Enkarterriko linea, Txorierri Vectalia eta Busturialdea eta Lea-Artibai Buseko langileek bete dituzte kaleak gaur, beste behin, enpresa eta Aldundiari egoera konpontzeko eskatuz. Enpresek diote eskaerak neurrigabeak direla, baina ELAk gogorarazi die sindikatu nagusia den Avanza emakidadunarekin akordio ona lortu dutela.

Alde batetik, langileek lanaldi partzialen desagertzea, lan baldintzen hobekuntza eta kolektibo guztien lanpostuen bermea eskatzen dute, besteak beste. Beste aldetik, enpresek diote eskaerak neurrigabeak direla. Egoera desblokeatzeko, ELAk Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu dio eskuhartzea, arduradun nagusia izateagatik. Gogoratu beharra dago hainbat greba egun egin dituztela plantillek orain arte.

Avanzarekin lortu zen

ELAk ez du uste eskaerak neurrigabeak direnik eta gogorarazi nahi izan du gehiengoa duen Avanza enpresan —Bizkaibuseko beste esleipendun bat— akordio ona lortu dutela, hurrengo puntuekin, besteak beste: soldata igoerak KPIaren gainetik, errelebo-kontratua egiteko bermea, langile guztiak lanaldiaren % 100eko kontratua izatea eta lanpostuen bermea lortu zirela.

Euskal Sindikatuarentzat horrek argi uzten du gainontzeko lau enpresetako langileek eskatzen dutena ez dela neurrigabea. Horrez gain, azpimarratu du borondatea behar dela zerbitzu publikoaren espekulazioarekin amaitzeko. Zerbitzu publikoa negoziotzat dutenen aurrean, langileen lan baldintzak aldarrikatu eta zerbitzuaren kalitatea bermatzeko borrokan jarraituko duela adierazi du ELAk.

Martxoaren 22an eta 28an izango dira hurrengo bi greba egunak.