ortuellako PREST Servicios y Manipulados

Greba egin dute langileei bi hilabeteko soldata zor dietela salatzeko

2023/11/15
3 greba egunean dute gaurkoa. Manifestazioa egin dute Bilbon bizi dituzte baldintza txarrak eta prekarietatea salatzeko.

Ortuellako PREST Servicios y Manipulados enplegurako lan zentro bereziak 64 langile ditu, ELAko 4 ordezkarik eta CCOOeko batek ordezkatuta. Langile gehienek ezgaitasunen bat dute. ELAk aspaldian salatu izan du langileek urteak daramatzatela gehiegikeriak jasaten.

ELAk salatu du langileek hilabeteak daramatzatela nominak garaiz kobratu gabe eta orain 2 hilabeteko nominak zor dizkiete. Horrek eragin zuzena du langileen osasunean. Hori gutxi ez, eta lan karga handiegiak dituzte, enpresak ez die aplikatzen dagokien hitzarmena, eta maiz, ez dagozkien lanak agintzen dizkiete. Horrek guztiak erakusten du zuzendaritzak prekaritatearen aldeko apustu garbia egiten duela.

Horren aurrean, ELAk grebaren alde egin du. Gaur hirugarren greba eguna dute, eta euren aldarrikapenak Bilbora eraman dituzte. Manifestazioa egin dute Jaurlaritzatik abiatu eta Diputazioaren aurrean amaituz, Prest enpresak diru publikoa jasotzen duelako, eta erakundeen ardura salateko. Lan Ikuskaritzatik ere pasa dira. Izan ere, nahiz eta enpresak hainbat zigor jaso dituen eskubide sindikalak urratzeagatik, egoera aldatzeko Ikuskaritzaren esku hartzea beharrezkoa da oraindik ere.

Azkenean, ELA arrazoirik gabeko ERTEa egin duela salatzen du, lanpostuak betetzeko adina langilerik ez dagoen arren.