Greba egindo dute Getxoko kale garbitzaile eta hondakin biltzaileek
Getxoko Cespa enpresako kale garbitzaile eta hondakin biltzaileen Lan Batzordeak ez ditu onartzen enpresak eta Udalak proposatu dizkieten murrizketak. Orotara 12 kaleratze, erretiratzear dauden 6 beharginen lan postuak ez betetzea eta lanaldi murriztua edo partziala duten 52 beharginen lan baldibntzak okertzea suposatzen du. Lan postu suntsiketa, lan kargak handitzea eta zerbitzuaren kalitatea okertzea dakar planteamendu horrek. Baita herriko zirkulazioan oztopoak eratzea ere, orain arte gauez egiten zen zakar bilketa goizez egitea nahi baitute.
Cespak egindako proposamena Getxoko Udalak hartutako erabakiaren ondorio da. Kontua da Udalak kale garbiketa eta hondakin bilketa zerbitzura bideratutako aurrekontu partida nabarmen murriztu duela. Guztira %40ko murrizketa egin du, ia 2 miloi euroko partida izatetik 1 miloi eta 200.000ra murriztuz.
Beharginek lan postu guztiak mantentzea, orain arteko lan baldintzak errespetatzea eta mahai gainean jarritako murrizketa guztiak ez gauzatzea exijitzen du. Horrez gain, enpresa mailako hitzarmenaren negoziazioari berriz heltzea eskatzen dute, 2012ko abendua ezkero ez baita negoziaziorik egon.
Azken asteetan hainbat mobilizazio antolatu dituzte euren egoeraren berri emateko, baina Cespak eta Udalak murrizketekin aurrera segitu nahi dutela ikusita greba deialdia egitea erabaki dute. Martxoaren 9an abiatuko duten greba mugagabea izango da