Greba egingo du Gorabideko plantillak otsailaren 8an, enpresak Hitzarmenaren negoziazioa blokeatzeari utz diezaion

2023/01/12
Pandemian ezinbesteko ziren langileen erosahalmenak hilean 300 euro egin du behera 2019tik hona. Dibertsitate-funtzionala duten 5000 pertsona laguntzen dituzte, hilean, Bizkaian diharduten 600 langilek. Enpresa batzordean dauden ELA, LAB eta ESK sindikatuek deitu dute lehen greba eguna eta, egoera aldatu ezean, mobilizazioek jarraituko dutela adierazi dute.

Bizkaian dauden 37 zentrotan egiten dute behar langileek eta Foru Aldundiak du titulartasuna, Sergio Murillok zuzentzen duen Gizarte Ekintza Sailak, hain zuzen. Arazoa konpontzen hasteko, oinarrizko baldintzak jasotzen dituen zerrenda prestatu du plantillak:

-Erosahalmena mantentzea bermatuko dien soldata igoera, KPIaren igoeraren parekoa gutxienez.
-Arreta zuzenean dagoen %40tik gorako behin-behinekotasuna gutxitzeko neurriak.
-Kalitatezko lan egonkorra, enpresak ezarritako kontratazio prekarioen ordez.
-Plantilla osoarentzako kontziliazio-neurriak.

Txema Franco gerente duen Gorabideko zuzendaritzak hitz egiteko urratsak ematen ez dituen bitartean, hurrengoa izango da mobilizazioen egutegia:

- Urtarrilak 16, 10:00etan: Kontzentrazioa OLA Aldi Baterako Egonaldien Egoitzaren aurrean.
- Urtarrilak 25, 11: 00etan: Elkarretaratzea Gorabidek Bilboko Poza Lizantziatuaren kalean duen egoitza nagusiaren aurrean.
- Otsailak 1, 18:30ean: Manifestazioa, Gorabideko egoitza nagusitik Bizkaiko Foru Aldundira.
- Otsailak 8: Greba.

Sindikatuek azpimarratu nahi izan dute, akordiorik lortu ezean, behar beste greba egun deituko dituztela.