Arabako egoitza pribatuak eta etxebizitza komunitarioak

Greba egiten ari dira gaur hitzarmenaren negoziazioan patronalaren blokeoa hausteko

2023/06/30
Gaurko greba sektoreko 23. greba da, eta goizean zehar % 75eko jarraipena izaten ari da gerokultoreetan ELAk ordezkaritza duen egoitzetan, nahiz eta gehiegizko gutxieneko zerbitzuak izan (%70ekoak).

Gaur, Arabako egoitza pribatuetako eta etxebizitza komunitarioetako langileak kalera atera dira berriro, euren lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmen bat eskatzeko. ELAk, sektorean ordezkaritza handiena duen sindikatuak, LABekin batera, deitu du greba egun hau, sektoreko 23.a.

Langileek salatu dute patronalak blokeatu egin duela hitzarmenaren negoziazioa, martxoaren 15etik erantzunik eman gabe baitago, eta enpresen borondate eskasa eta Arabako Foru Aldundiaren gelditasuna.

Administrazioen eta enpresen jarrera honen aurrean, informazio piketeak egin dira goizeko lehen orduan egoitzetako sarreretan. Ondoren, langileek elkarretaratzea egin dute 11:00etan Albertia Campus egoitzan, eta bertatik abiatu da manifestazioa Albertia Centro egoitzara iritsi arte. Azkenik, Probintzia Plazan amaitu dute, Diputazioa inguratuz. Bertan, langileek eskuak gorriz margotu dituzte, eta kartelak erakutsi dituzte esaldi eta irudiekin, haien egoera salatzeko.

Sektore honetan dauden gutxieneko zerbitzuak kontuan hartuta (%70koak), ELAk oso positibotzat jo du greba egunaren jarraipena. ELAk salatu du enpresek langileak mehatxatzen jarraitzen dutela grebara ez ateratzeko, gutxieneko zerbitzuekin engainatuz, langileei jai eta baimenak emanez grebarekin bat egin dezaketen pertsonen kopurua jaisteko eta gutxieneko zerbitzuak egiten dituzten langileak hertsatuz.

Gaur egun, patronalak 1.340 euroko soldata eskaintzen du 2028rako, eta 1.742 orduko lanaldia urtean, ratioak eta multitareak ukitu gabe. Guztiz onartezina da patronalaren jarrera intransigentea, eta feminizatutako eta arrazializatutako sektore honen baldintza prekarioak hobetzeko borondaterik eza erakusten du.