Bizkaiko erresidentziak
Greba egun gehiago deituko dituzte, martxoko greba egunen arrakasta ikusita
Bizkaiko Foru Aldunditik Misericordia zahar etxera egin dute manifestaldia greban dauden langileak gaur, martxoko azken greba egunean. Aldundiaren aurrean eta Misericordia etxearen aurrean kontzentrazio bana egin dute ere. Patronalak eta Aldundia negoziazioan mugitzen ez direlako antzeztu nahi izan dute inmobilizazioa bi elkarretaratze horiekin.
Langileen aldarrikapen nagusiak hurrengoak dira: lanaldi partzialekin bukatu (ordutegi horiekin dauden langileak lanaldiaren % 70etik beherako aldiak dituzte), soldata arrakalarekin bukatu (Aldundiko egoitza publikoetako lankideekin alderatuta % 40 gutxiago kobratzen dute), langile kopurua eta ratioak igo, Unai Rementeria ahaldun nagusiak bizikidetza-unitateen inguruan egindako propagandarekin bukatu eta emakumeen gatazkak merezi duten seriotasunarekin hartzea (datuek argi erakusten dute patronalek eta erakundeek izugarri luzatzen dituztela emakumeek martxan jarritako borrokak).
Gatazka luzeak
ELAk gogoratu duenez, Bizkaiko zahar etxeetako langileen aurreko gatazka 368 egun luzatu zen, harik eta akordio onargarria lortu zen arte. Borroka horri esker, eztabaida politiko eta sozialen erdigunean agertu ziren zaintzak.
Horregatik, langileek greba egun berriak deituko dituzte datozen egunetan.