Greba eguna Deustuko NUPen, gaueko arreta presentziala berreskuratzeko

2021/03/18
Deustuko NUPeko langileek greba eguna dute gaur Osakidetzari gaueko arreta (00:00etatik 8:00etara) berreskuratzeko eskatzeko. SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek hilabeteak daramatzate Osakidetzari, Eusko Jaurlaritzari eta Bilboko Udalari galdezka, herritarrentzat funtsezkoa den zerbitzu hori ez kentzeko eskatzeko, orain arte erantzun positiborik eman gabe. Grebaz gain, osasun langileek eta herritarrek elkarretaratzea egin dute Deustuko NPBren aurrean 11:30ean eta, arratsaldean, 18:00etan, manifestazioa egingo dute Eusko Jaurlaritzaren egoitzara, beste hainbat eragile sozialekin batera.

ELAk aurreratu duenez, lehen greba eguna ez da azkena izango Osakidetzak zerbitzua berriz irekitzen ez badu. "Murrizketa hori atzera botatzea eta osasun publikoa indartzeko eta egiturazko gabezia larriei aurre egiteko apustu politiko irmoa eskatzen dugu".

Sindikatuaren ustez, Deustuko NUPen gaueko aurrez aurreko arreta berriz ez irekitzeak esan nahiko luke erakundeek azken urteotan aplikatu diren eta pandemia betean aplikatzen jarraitzen diren oinarrizko zerbitzuen murrizketa-politikei jarraipena ematearen alde egiten dutela.