Greba Galarkide enpresan KPIren araberako soldata igoerak dituen hitzarmena lortzeko

Galarkide Galar Zendeako kiroldegia kudeatzen duen enpresa publikoa da. Bertan 20 pertsona inguruk lan egiten dute, ELAko ordezkari batek ordezkatuta.
ELAk salatu du Udalak, enpresa honetako langileei lanaldia, egutegia, baimenak eta abarrei dagokienez kirol kudeaketako hitzarmeneko lan baldintzak aplikatzen dizkien bitartean, sektore publikoko soldata igoerara ( % 3) mugatu nahi duela euren soldata. Hau da, sektore publikokora mugatzen da soldata igoera, sektore pribatuko gainerako lan baldintza okerragoei eusten dieten bitartean. Hala ere, Udalak hitzarmenaren gainerako edukiari buruz egindako proposamena (soldata igoerarekin zerikusirik ez duena) positiboa da.
Horregatik, Galarkideko langileek urriaren 20tik 26ra arteko grebara joatea erabaki dute, KPIren araberako soldata igoera bermatuko duen eta gainerako alderdietan dituzten lan baldintzak hobetuko dituen enpresa hitzarmen bat lortzeko.