Greba Gipuzkoako ehungintzaren merkataritza sektorean hitzarmenaren negoziazioan aurrera egiteko

2022/05/27
Denda askok itxi behar izan dute digitalizazioak dakarren enplegu suntsiketak mehatxatutako sektore batean erosteko ahalmena eta enplegua defendatzeko ELAk deitutako grebagatik

Gipuzkoako ehungintzako merkataritzako langileek greba egin dute gaur hitzarmenaren negoziazioan aurrera egiteko. Sektore feminizatua da, eta jasaten duten lan prekarietatea onartezina da.

2021aren amaieran, Gipuzkoako ehun merkataritzaren hitzarmena berritzeko negoziazioak hasi ziren. ELAk %85eko ordezkaritza du bertan. Harrezkero, patronalek ez dute mamizko proposamenik egin.

Sektorearen aldarrikapen nagusiak honako hauek dira: KPIaren gainetik dauden soldata-igoerak, sektore horretako langileek erosteko ahalmena galdu dutelako, partzialtasuna murriztea eta antzinatasun plusa izate, sektore horretan karguz igotzeko aukerak oso urriak direlako.

Lan prekarietateaz gain, ehungintzaren merkataritzaren sektorearen egoera kezkagarria da digitalizazio prozesuetan murgilduta dagoelako, eta horrek enplegua izugarri suntsitzen duelako. Besteak beste, Inditexek 2020. urtearen amaieran abian jarri zuen 2023ra arte Hego Euskal Herrian katearen 20 denda ixteko prozesua, eta Gipuzkoan 2020ko abendutik 2021eko abendura bitartean hainbat katetako dendak itxi dira, hala nola Irungo eta Eibarko Stradivarius, Garberako Zara Home, Urbilgo Masssimo Dutti, Irungo Woman Secret, Eibarko Springfield eta Donostiako beste hainbat dendaren artean. Guztira, zuzenean suntsitutako 70 lanpostu baino gehiago ekonomikoki errentagarriak diren eta enpresek ezarritako salmenta helburuetara iristen diren dendetan. Egoera hau ere premiaz jorratu beharrekoa da.

ELAk oso positibotzat jo du gaurko greba eguna; izan ere, Donostiako erdigunekon Urbileko eta Gaberako Stradivarius, Garberako eta Urbileko Parfois, H&M, Boboli, IKKS, Nanos edo Txingudiko Springfield dendak erabat itxi dira, eta beste askok langile gutxirekin ireki behar izan dituzte.

ELAk langileak zoriondu nahi ditu beren lan baldintzen alde antolatzeagatik eta kalera ateratzeagatik. Hurrengo negoziazio bilera ekainaren 1ean izango da, eta patronalak mamizko edukirik proposatzen ez badu, ez da baztertzen mobilizazio gehiago egitea.