Osakidetzako garbikuntza
Greba hasi dute gaur negoziazio mahaia desblokeatu eta karrera profesionala exijitzeko

Azpikontratatutako langileak dira Osakidetzako garbikuntzaz arduratzen direnak eta, ondorioz, patronalari eta osasun zerbitzu publikoko zuzendaritzari egin diote dei egoerari irtenbidea emateko. Esan bezala, negoziazio mahaia desblokeatzea eta beste sektoreetako plantillek jasotzen duten karrera profesionala haiei ere ordaintzea eskatzen dute. EAEko hiru probintzietako ospitaletan izan da nabaria grebaren eragina: Gurutzetan, Galdakaon, Basurtun (Bizkaia), Donostiako ospitalean, Groseko anbulatorioan (Gipuzkoa) eta Adriano VI kaleko bulegoetan (Araba), beste askoren artean.
Osakidetzak zuzenean kontratatutako langileek 2019, 2020 eta 2021ean lanbide-karrera izateagatik diru saria kobratu zuten. Gauza bera merezi dutelako mobilizatu dira azpikontratatutako garbitzaileak.
Greba martxoaren 12ra arte luzatuko da eta, kontzentrazioak, bihar eta etzi izango dira: bihar eguerdian, Donostia Ospitalean, eta etzi martxoak 1, 11:00etan, Gasteizko Legebiltzarraren aurrean.