Greba La Moreako H&M dendan hitzarmen propioa negoziatzeko

La Morea merkataritza guneko H&M dendan 18 langile daude, ELAko ordezkari batek ordezkatuta. Hauetatik 8k bakarrik dute lanaldi osoa, eta gainerakoetatik gehienek lanaldi erdian egiten dute lan. Lanaldi osoa dutenen soldata 1.000 euro ingurukoa da, eta gainerakoek, beraz, 500 euro inguru irabazten dute hilean. Azken urteotan erosteko ahalmenaren % 17,4 galdu dute, soldata izoztuta baitute 2009tik. Astean 6 egunetan lan egiten dute, benetako atsedena hartzeko tarterik gabe, eta igande eta jaiegunetan lan egiten dute.
Egoera honen aurrean, plantillak Nafarroako eremuko enpresa hitzarmen bat negoziatzera behartu nahi du enpresako zuzendaritza, euren lan baldintzak hobetzeko. Horregatik deitu dute greba gaur eta bihar, abenduak 2 eta 3, eta greba mugagabea hasiko dute abenduaren 9tik aurrera, negoziazioan aurrerapausorik ematen ez bada.
Gaur 17:00etan elkarretaratzea egingo dute Galaria-Morea Merkataritza Poligonoko (Cordovilla) biribilgune handian, “Por un Convenio propio en H&M. 2009tik soldata izoztuta” lelopean.