osasunbidea

Greba martxoaren 23an

2023/02/21
ELAk, LAB, SAE, UGT eta CCOO sindikatuekin batera, beste greba egun bat deitu du, Nafarroako Gobernuak osasun zerbitzu publikoa eta langileen lan baldintzak negoziatzeko eta hobetzeko borondaterik ez duelako. ELAk uste du otsailaren 15eko greba arrakastatsuak Osasunbidea eta lan baldintzak defendatzeko dinamika mobilizatzaile baten hasiera markatu behar duela

Otsailaren 15ean, Osasunbideko eta Foru Administrazioko milaka langilek eta Zerbitzu Publikoen defentsarekin konprometitutako herritar askok Iruñeko kaleak bete zituzten. Goizean Nafarroako Jauregiaren aurrean egindako kontzentrazioak eta arratsaldeko manifestazioak parte hartze handia izan zuten, eta grebaren arrakastaren benetako adierazlea izan ziren.

Hala ere, Nafarroako Gobernuak sindikatuek egindako edozein aldarrikapen negoziatzeko borondaterik gabe jarraitzen du. Medikuen Sindikatuarekin egindako akordioak (horretarako legez ezarritako foroetatik kanpo negoziatua) medikuen soldata igotzeko, agerian uzten du Gobernuak legegintzaldi osoan errepikatu duen edozein ordainsari igoerarako legezko ezintasuna gezurra zela.

Nafarroako Gobernuak badauka eskumena eta dirua Osasunbidea hobetzeko. Borondatea baino ez da falta. Nafarroako Gobernuak osasun zerbitzu publikoa eta bertako langile guztien lan baldintzak hobetzeko negoziatzeko interesik ez duenez, LABek, SAEk, UGTk, ELAk eta CCOOk beste greba egun bat deitu dute martxoaren 23rako.