Greba mugagabea eta mobilizazioak Arkema Quimican, lanpostuen defentsan

2014/09/24
Irailaren 9an Arkema multinazional frantsesak enpresa-batzordeari jakinarazi zion Alonsotegiko (Enkarterriak) lantegia itxiko duela; ondorioz, zuzeneko 59 langilek eta zeharkako beste 20k enplegua galduko dute. Egoera honen aurrean langileek greba mugagabea hasiko dute, eta lanpostuen defentsan hainbat mobilizazio iragarri dituzte.

Hau da euren egoera salatu asmoz Arkema Quimicako langileek prestatu duten oharra:

Arkema Químicak, antzina Atochem zenak, EEE bat aurkeztu du plantilla guztia kaleratzeko, fede gaiztoz egin ere. Enpresak lau lantoki ditu espainiar estatuan. Aipatutako EEEak Bilbori (59 langile) eta Madrili (11) eragiten die, baina azken 11 hauetako gehienak, multinazionalaren estatuko arduradunak izanik, ez dituzte kaleratuko. Haatik, autonomia-erkidego desberdinak sartuta, EEEari buruzko erabakia Auzitegi Nazionalak eta Enplegu Ministerioak hartuko dute.

Aurtengo urtarrilean Arkema Químicak Arkema Coatings-ekin Bartzelonak zentroak bat egin zituen. Ordutik hona Alonsotegiko lantegiaren bideragarritasuna mantendu du egun egiten dituen produktuak utzi eta berriak garatzeko planekin; horrela urtetan errentagarria dela erakutsi duen fabrikari eutsi ahal izan zaio.

Orain, ordea, ixteko zio ekonomiko eta produktiboak argudiatzen ditu Bizkaian; Madrilen, aldiez, antolakuntzakoak omen dira.

Enpresa-batzordeak EEE honi aurre egin dio, ez baitu itxierarako arrazoi objektiborik ikusten. Ez dago zio ekonomiko edo produktiborik 2012 eta 2013an dibidendotan 200 milioi euro banatu dituen enpresa batean; horiek dira Arkema Quimicaren jabe den Arkema Europaren kopuruak.

Bestalde, EEE honetan ospe handiko abokatu bufeteek eta aholkularitzek duten eginkizuna salatu nahi dugu: eurek gidatutako eta babestutako itxiera honekin 90etik gora familia pobreziara zigortu nahi dituzte. 

Arkemak gas fluoratuak ekoizten ditu; ingurumenari buruzko araudiak ez luke lantegia ixteko aitzakia izan beharko. Gure ustez inbertsio batzuk eginez gero Alonsotegin lanean jarraitzeko ez dauka inolako arazorik.  

Badakigu enpresak erreforma laboralaz baliatzen direla jendea kaleratzeko. Haatik, Frantzian multinazional honen buru direnei aurreratu nahi diegu EEE honen aurka gure esku dauden arma guztiak erabiliko ditugula, juridikoetatik hasi eta mobilizazioraino. 

Aberrazio sozial bat da honen moduko enpresa batek, dirutza irabazi ostean, lantegia edozelan ixteko aukera izatea, eta legedia espainiarrak taldeko kontuak ez eskatzea, Espainian kontsolidatu beharrekoak ez direlako. Horrela multinazionalei gonbitea egiten zaie, aise deslokaliza dezaten. Erreforma laboralak, honelako neurriekin, langile-klasea kondenatu egin du.

ERAKUNDE GUZTIEI ZINEZKO INPLIKAZIOA EXIJITZEN DIEGU, ENPLEGURAKO POLITIKAK ETA ARKEMARI GALDEGIN DIEZAIOTELA ALONSOTEGIKO LANTEGIA IREKITA MANTENTZEA 

Erakundeei dei egiten diegu langileen alde eta ugazaben diru-gosetik urrun koka daitezen.

Orain arte administrazioek erantzun desberdina eman digute: tokiko erakundeek hartu gaituzte eta laguntza eskaini digute, ahal duten neurrian. Bizkaiko Foru Aldundia, aldiz, prest omen dago lan egiteko eta enpresari enplegua manten dezala exijitzeko. Espero dezagun ez dela itxurakeria hutsean amaituko.

Halere, salatu beharra daukagu Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailak (aurrez Industria zenak) astebete luze behar izan duela enpresa-batzordearen bilera eskariari erantzuteko, eta orduan esan digute ezin dutela gauza handirik egin; Enplegu sailera jo dezagula esan dute.

Sail honi eskatzen diogu bilera bat egiteko data jar dezala, eta azal diezagula zein den bere politika industriala, zer erabaki hartuko duen lanpostuak mantendu eta industriaren etorkizuna bermatzeko, non eta Kadagua bezain eskualde zigortuan.  

GREBA MUGAGABEA

Greba mugagabea hasiko dugu. Gure ustez, hau da geratzen zaigun aukera bakarra.

Ez gaude borrokarik gabe amore emateko prest. Azkeneraino defendituko ditugu gure enpleguak, gure familien eta Enkarterriaren etorkizuna.

MOBILIZAZIOAK

* Kalera aterako gara, sarri eta ozen. Ostiral honetan izango da lehen manifestazioa, Bilbon, 12etan, Jesusen Bihotzeko plazatik hasita. 

* Asteartean, hilak 30, enpresa-batzordeko ordezkari batzuk Parisen Arkemaren enpresa-batzorde europarraren bileran parte hartuko dute; han salatu egingo da itxiera, eta Alonsotegiko lantegia mantentzea exijituko da.

Erabakiak astez aste hartuko ditugu; mobilizazio gehiago izango da: Kadaguako udaletxe guztien aurrean. Mozioak sartuko ditugu udalbatzek langileen alde egin dezaten eta enpresari jarduera industriala mantentzera dei egiteko. Kadagua hilzorian dago, eta badirudi inori ez zaiola axola.

Lakuara, Batzar Nagusietara, Legebiltzarrera eta Parisera ere joango gara, behar izanez gero.

Azkenik, beste enpresetako langileak eta eskualdeko biztanleak ematen ari diren babesa eskertu nahiko genuke.