Greba mugagabea Gasteizko Linamar enpresan, prekaritatearen aurka

2022/05/02
Gasteizko Linamarreko (lehengo Uribesalgo) ekoizpen lanetan ari diren langileen % 100ak bat egin du enpresa batzordeak hitzarmenaren alde deitutako greba mugagabearen lehen egunarekin. Batzordeak salatu du zuzendaritzak lan baldintzak prekarizatzen jarraitzen duela.

Enpresak etekin handiak izan ditu beti. Hala ere, Linamar Tooling Spain sartu zenetik, garai bateko Uribesalgo langileen egoera zeharo aldatu da; zuzendaritzak lan baldintzak prekarizatu nahi ditu eta langileak kaleratzen nahiz presionatzen ari da.

Horren guztiaren aurrean, ELAko 5 ordezkarik osatutako batzordea, plantillaren babesarekin, mobilizazioak egiten ari da aberastasuna behar bezala banatzeko eta eskubiderik ez galtzeko. Mobilizazioak martxoaren 28an hasi ziren, baina enpresak ez zuen negoziazioaren aurkako jarrera aldatu.

Gauzak horrela, langileek greba mugagabea hastea erabaki zuten.

Linamarrek galdaketarako moldeak eta tresnak egiten ditu eta 66 pertsona daude bertan lanean.