Implika Bilbao

Greba mugagabea hasi dute gaur, kaleratze kolektiboen aurka

2023/03/16
Plantillaren gehiengoak egin du bat greba mugagabearekin, enpresak EREaren kontsultaldia hasi duen egun berean. Bilerak Madrilen izatea arbuiatu du ELAk, eta mobilizazioekin jarraituko dutela iragarri du.

Lan munduan sartzeko prestakuntza ikastaroak eskaintzen ditu Grupo Implika Educación SL enpresak estatu espainiarrean, eta Bilbon dituen egoitzan kaleratze kolektiboa egin nahi du Enplegu Erregulazio Espediente baten bidez (EEE). Horren aurka agertu da plantilla eta, gaur hasita, greba mugagabean daude langile gehienak, ELAren laguntzarekin. Negoziazio Batzordean gehiengo osoa du Euskal Sindikatuak, 13 ordezkaritik 7rekin.

Informazio piketeak egin dituzte greban dauden langileek, gaur goizean, enpresaren Bilboko egoitzaren aurrean. Halaber, Madrilen hasi ditu, gaur goizean ere bai, EEEaren inguruko bilerak Implikak. Biltzarrak Madrilen ez, Bilbon egin behar direla argudiatu du ELAk, enpresaren egoitza soziala eta langile gehienak Bizkaiko hiriburuan daudelako. Hala ere, telematikoki hartu du bileran parte sindikatuak eta kaleratzeen kontra dagoela esan du. Enpresak aurkeztutako dokumentazioa sakon aztertuko duela esan du ere, eta dokumentazio gehiago eta gardentasuna eskatuko dituela azpimarratu du.

Greba mugagabearekin batera, mobilizazioekin jarraituko duela esan du ELAk. Martxoaren 22an Bilbon egingo duten manifestazioa nabarmendu du sindikatuak.