Tolosako kiroldegia

Greba mugagabea hasi dute gaur, zuzendaritzak 2020tik daramalako hitzarmena berriztatu gabe

2023/05/08
BPX enpresak azpikontratatutako langileek erosahalmena bermatzea eta lan baldintzak duintzea eskatzen dute. Horretarako, hiru urte berriztatu gabe daraman hitzarmena eguneratu beharra dago, baina zuzendaritzak ez dauka hori egiteko intentziorik. Kiroldegia publikoa izanik, Udalaren erantzukizuna azpimarratu du ELAk, bai langileen egoera hobetzerako orduan eta bai tolosarrei merezi duten zerbitzua itzultzeko ere.

Martxoan hamaika greba egun egin ostean, eta negoziaketaren nondik norakoak ikusita, Tolosako kiroldegian BPX enpresak azpikontratatutako langileek greba mugagabea hasi dute gaur, maiatzaren 8an. 2020tik lan hitzarmena berritu gabe daukate, eta lan baldintzak arautzeko hitzarmena behar dute. Zuzendaritzak, aldiz, ez ditu langileen eskariak jaso nahi hitzarmen berrian eta greba mugagabea hastea erabaki dute oraingoan langileek.

Tolosako kiroldegiak 31 langile ditu, baina horietatik hamalauk baino ez dute jardun osoa eta hogeita hiruk lanaldi zatikatua dute, goizeko lehen orduan hasita eta eguneko azken orduan bukatuta. Hurrengoak dira blokeatuta dauden negoziazioaren hiru puntu nagusiak:

  • KPIrekin eguneratutako soldata igoera.
    Klase prestakuntzarako orduak lan ordu bezala erregulatzea.
    Kategorien arteko desberdintasunak txikitu eta egindako funtzioak kontuan izanda kategoria aplikatzea.

Langileek hitzarmena sinatu eta lanera itzuli nahi dute. Baina horretarako negoziazio erreala eta eduki duinak behar dira, langileen lan baldintzak hobetzeko eta kalitatezko zerbitzu egokia bermatzeko. Tolosako kiroldegia zerbitzu publikoa den heinean, Tolosako Udalak du funtzionamenduaren ardura, eta azpikontratazioaren aldeko hautuak dakar oraingo egoera. Horregatik egin dute elkarretaratzea grebalariek udaletxearen aurrean, zerbitzu publikoa ezin baita lan baldintza txarretan oinarritu.

Era berean, Tolosako Udalaren eta BPX enpresaren ardura da egoera konpontzea, baita kirolzale eta erabiltzaileei sortzen ari diren eragozpenei erantzutea ere. Grebaren helburua baita kirol zerbitzu onena izatea. Lan baldintza duinek zerbitzuak eragin zuzena daukatelako, plantillen egonkortasuna dakarrelako.