EITB - Miramon

Makilatzaileak eta ileapaintzaileak greba mugagabea hasiko dute martxoaren 25ean enpleguak mantentzeko

2025/03/17
Miramongo makilatzaile eta ileapaintzaileen enplegua kolokan dago, zerbitzua azpikontratatzean EITBk ez duelako subrogazio betebeharra txertatu eta Imagenmania enpresak ez duelako bermatzen. ELAk deituta, subrogazio eskubidearen alde eta lan baldintzak hobetzearen alde greba mugagabeari ekingo diote.

EITBren Miramongo egoitzako makilatzaile eta ileapaintzaile zerbitzua enpresa berri batek, Imagenmaniak, eskainiko du datorren apirilaren 14tik aurrera. Zerbitzuan sartzeko hilabete eskas falta denean, EITBk pleguetan subrogazio betebeharra txertatu ez zuela argudiatuz, enpresa berriak ez du langileak subrogatzeko borondaterik azaldu, eta ondorioz, berauen lanpostuak kolokan daude.

EITBk zerbitzua esleitzeko prozesua martxan jarri eta pleguak prestatzerakoan ez zuen subrogatzeko beharra aipatu. Harrigarria, alde batetik, egoera berean dauden eta lan zentro berean aritzen diren beste azpikontrata batzuekiko eskubide hau bermatzeko prest dagoenean. Akats larria, bestetik, langile talde honi aplikagarria zaion EAE mailako akordio markoak subrogazio eskubidea espreski jasotzen baitu.

Konponbidea eskatzerako bidean ELAk bilerak izan ditu zerbitzuan sartuko den enpresa berriarekin, zerbitzua uzten duen enpresarekin eta EITBrekin, eta ez dute langileen subrogazioa bermatzen duen proposamenik egin. ELAren aburuz, apikazio hitzaremanak ezartzen duen derrigorrezkotasuna urratzeaz gain, gatazka ebazteko borondate falta argia erakusten du jarrera honek.

Administrazio publikoan egonkortze prozesuak ematen ari diren bitartean, enplegu publikoa prekaritzatzeko sortutako azpikontratak are egoera prekarioagoan uzten ditu EITBk hartutako erabaki honek. Egoera larri honen aurrean, langileek argi dute ez dietela beraien eskubideei uko egingo eta greba mugagabeari ekingo diote datorren matxoaren 25etik aurrera.