Usurbilgo Ingemar enpresako langileek hiru hilabete daramatzate greban

2016/08/23
Usurbilgo Ingemar enpresako langileek hiru hilabete daramatzate greban
Usurbilgo INGEMAR, S.A. enpresa INGEMAR TALDEAri dagokio. Talde hori erreferente bat da marmola eta granitoa ekoizten, banatzen eta merkaturatzen. 2009. urtetik hona Zuzendaritza behin eta berriz lantegia berregituratuz ibili da, asmoa beti bera izanik: plantillaz libratu, Usurbilgo INGEMAR, S.A. lantegia arian-arian deskapitalizatuz joan, eta azkenean ekoizpena deslokalizatu.

Langileen Batzordearen agiria;

2009. urtean plantilla 175 langile ingurukoa zen. Urte horretan 20 langile kaleratu zituzten (plantillaren %9,99, EEE bat saihesteko asmoz), baina gero kontratuak eteteko 2 EEE etorri dira, eta beste EEE bat 30 langile gehiago kaleratzeko. Gaurko egunean Usurbilgo lantegiak 77 langile baino ez ditu.

Bestalde, 2014ko ekainean akordio bat egin zen, eta horren arabera plantillak soldataren zati bat utzi zuen, materiala erosteko eta ganoraz ekoitzi ahal izateko zen. Diru hori 2016. urtean berreskuratzekoa zen, baina ez dakigu nora joan den.

Horri gehitu behar zaio Taldeko Zuzendaritzaren kudeaketa txarra, aktibo zirkulatzailearen kutxa hutsik utzi dute-eta.

2015eko azaroan INGEMAR TALDEko administratzaile bakarraren plan baten berri jakin genuen. Plan horren helburua Usurbilgo lantegia ixtea zen. Plan horren berri estraofizialki jakin zenean, bilerak egin ziren taldeko Zuzendaritzarekin, eta dena ukatu zuten, handik aurrera proiektu hura desagertu zen.

2016ko hasieran jakin dugu, 2015ean egindako bideragarritasun plan baten bidez, taldea hemendik 6 hilabetera zenbaki positibotan egon daitekeela, eta 2 urte barru oraingo fakturazioa bikoiztu dezakeela.

Enpresa Batzordean 4 ELAko ordezkari eta LABeko ordezkari 1— elkarlanean ari izan gara Gipuzkoako Aldundiarekin; lehenengo, aldundiak proiektuan esku har dezan, eta bigarren, inbertsoreak erakartzeko, baina gaur arte ez da inbertsorerik aurkitu.

Zuzendaritzak ba omen dauka inbertsore bat, eta esan digutenez, ekainaren hasieran bideragarritasun-plan baten zirriborroa aurkeztuko du.

Taldeko Zuzendaritza horretan ez dugu konfiantzarik, eta greba mugagabera deitu dugu ekainaren 6tik aurrera. Grebaren helburuak hauexek:

1.- Harria ekartzea, lan egin ahal izateko, Aldundiarekin izandako bileran hitzeman zen bezala.

2.- Ganorazko bideragarritasun-plan bat aurkeztea, eta lantegi honekin zer egin nahi duten argi eta garbi esatea.