Durangoko polikiroldegi publikoak

Greba mugagabean dauden langileek ez dituzte onartu enpresen proposamenak

2023/03/30
SportStudio eta Bpx dira Durangoko polikiroldegi publikoak kudeatzen dituzten enpresa esleipendunak eta iazko azarotik hona, Udalaren oniritziarekin, murrizketa garrantzitsuak proposatu dituzte. Langileen oposizioa ikusita, Udalak berak ‘orraztutako’ proposamen berriak aurkeztu dituzte, eta langileek atzera bota dituzte beste behin.

Martxoaren 24an izan zuten bilera SportStudio eta Bpx enpresek ELArekin eta, bertan, proposamen berri bana aurkeztu zuten. Proposamenak, baina, eznahikotzat jo dituzte langileek. Bi enpresek onartu dutenez, Udalak berak aldatu egin ditu jatorrian idatzi zituzten proposamenak, eta sindikatuak eta langileek ez dute hori begi onez ikusi. Gogoratu beharra dago otsailaren 13an greba mugagabea hasi zutela langileek, azpikontrata biek murrizketak iragarri zituztelako eta Udalak ez zuelako hori gelditzeko imintziorik egin.

Otsaila amaieran, SportStudiok ELAri esan zion proposamen berria idatzia zeukala eta sindikatuak nahi zuenaren antzekoa zela. Ordutik eta martxoaren 24ko bilerara arte, Udalak poposamena ikusi eta aldatu egin zuen, enpresak Euskal Sindikatuari esan dion bezala. Udalak orraztutako proposamena ez da onargarria sindikatu eta plantillarentzat. Bpx-ek aurkeztutako proposamen berria Udalak gainbegiratutakoa da ere bai, eta honek ere ez du betetzen langileek eskatzen dutena.

Greba mugagabean dauden langileek lan orduak eta aktibitateak egiteko guneak mantendu nahi dituzte, azpikontratek ez bezala.