Greba NH Villa de Bilbao hotelean

2017/01/20
Constant enpresako 15 langileek mugagabeko grebari ekingo diote datorren urtarrilaren 23an, kaleratutako lankideak berriz onartu ditzaten exijitzeko eta lan-baldintza hobeak eskatzeko. Enpresa honek NH Villa de Bilbao hoteleko gelak eta gune komunak garbitzen ditu.

NH Villa de Bilbao Hotelean logelak garbitzen lanean diharduten langileek grebari ekingo diote. Euren eskakizun nagusiak, funtsean, bi dira: alde batetik, kaleratu dituzten lankideak berriz ere onar ditzatela, eta bestetik, lan-baldintza duinak eskuratzea. Izan ere, ELAk agerian utzi du, berriro ere, estatu mailako zerbitzuetako enpresetan diharduten azpikontratatutako langileen egoera kaxkarra: iruzurrean oinarritutako aldi baterako kontratuak, lanpostuan inolako bermerik ez, baldintza soziolaboral oso kaskarrak -garbitzen duten gela bakoitzeko 2,40 €-. Hortxe dugu Manpower -Bilboko Arte Ederren Museoan greba eragin zuena-, baina baita NH taldearentzat lan egiten duen Constant Servicios Empresariales ere.

ELA sindikatuko iturriek salatu dutenez enpresa hauek hotelen sektorean murgildu direnetik lana zeharo prekarizatu da; estatu mailako hitzarmenak baliatzen dituzte (hitzarmen hauen arabera, hileko soldata nekez iristen den 850 eurora). Izatez zerbitzu-enpresa hauek aldi baterako sasi lan enpresen (ABLE) itxura hartzen dute, langileak merke lagatzeko, eta erreferentziazko hitzarmen probintzialen aplikazioa saihesten dute.

Grebara deitutako langileak NH Villa de Bilbao hotelaren aurrean elkartuko dira astelehenean, hilak 23, goizeko 11etan.