Greba Norbegan (Galdakaoko Coca Cola), ekainaren 23, 28 eta 30ean

2022/06/15
Norbegako (Galdakaoko Coca Cola) zuzendaritzak negoziaziorako borondaterik ez duenez, ELAk eta LABek 3 greba egun deitu dituzte ekainaren 23, 28 eta 30erako. Joan den astean, enpresa-batzordean gehiengoa zuten bi sindikatuek (ELA 8, LAB 1, UGT 4) txanda bakoitzeko bi orduko lanuzteak deitu zituzten ekainaren 14, 15, 16 eta 17rako. Deitutako lanuztearen lehen bi egunek %100eko jarraipena izan dute. Lanuzteen helburua hitzarmenaren negoziazioa desblokeatzea da. Aurreko hitzarmena 2020ko abenduaren 31n amaitu zen, eta urte eta erdiren ondoren, enpresak planteamendu erregresiboak egiten jarraitzen du.

Norbega (Coca Cola) milioi askoko irabaziak dituen enpresa da, eta zuzendaritzak plantillaren baldintzak okertu nahi ditu, erosteko ahalmena ez bermatzeaz gain.

Batzordearen gehiengoak hiru greba-egun deitzea erabaki du. Honako hauek dira aldarrikapen nagusiak: lanaldia murriztea; KPIa bermatuko duten soldata-hobekuntzak lortzea; egiturazko plantilla handitzea; eta egutegiko malgutasunak ezabatzea.