Greba orokorraren jarraipena, ia erabatekoa
Greba orokorraren jarraipena oso zabala izaten ari da Hego Euskal Herri osoan zehar.
Industria sektorea: lanuztea ia erabatekoa da, industria poligonoak itxita daudelarik. Enpresetan grebari ematen ari den atxikimendua une honetan %80tik gorakoa da, eta datu bilketen arabera handitzen doa oraindik. Industria-gune zein enpresen erabateko gehiengoa itxita daude, eta jarduera ia etenda dago.
Garraioan: lanuztea ia erabatekoa da. Gutxieneko zerbitzuak dabiltza bakarrik. Bidaiari ere askoz gutxiago dabil, jendeak grebarekin bat egin duenaren seinale.
Sektore publikoan:
-Hezkuntzan grebarekin bat egin duten ikastetxetako langileak ia erabateko gehiengoa dira. Eskolak itxita daude gehienetan, eta Unibertsitateak ere.
-Osasungintzan ere grebak arrakasta handia izan du lehen arretako osasun zentroetan nahiz ospitaletan, bertako langile gehienek grebarekin bat egin dutelarik. Kontutan hartu behar da gutxieneko zerbitzuek sektore honetan duten eragina.
-Administrazio autonomoa. Lanuzteak jarraipen oso zabala izan du, eta Gasteiz, Bilbo eta Donostiako egoitzetan lanuzteak orokortu dira.
-Toki eta Foru administrazioa: Lanuztea erabatekoa izan da Gipuzkoan, eta eragina oso nabarmena Bizkaian eta Araban. Udal handienetako langileak grebarekin bat egin dutelarik. Nafarroan ere oso lanuztea burutu dutenen zerrenda oso luzea da.
Goizeko lehen ordutik manifestazioak eta mobilizazioak egiten ari dira Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Eguerdian, langileen zutabe ezberdinek bat egin eta goizeko manifestazio nagusiak egin dira. Bertan hamarnaka milaka lagunek hartu dute parte. Mobilizazioek arratsaldean izan dute jarraipena; hiriburuez gain, herrialde eta eskualdeetan ere egon dira mobilizazioak.
EGUNEKO AGENDA
Bilbo: Eguneko lehen manifestazioa 09:15tan izango da. Jesusen Bihotzetik aterako da, eta Bilboko kaleak zeharkatuko ditu. 11:45tan, langileen zutabeak aterako dira, lau toki ezberdinetatik: Deusto (Lehendakari Agirre, 11); Alameda Rekalde 1; Juan de Garay kalean dagoen gasolindegia eta Udaletxetik aterako dira zutabeak. 12:30tan goizeko manifestazio nagusia hasiko da. Moyua Plazan izango du hasiera, eta amaiera, berriz, Jesusen Bihotzean. Ekitaldiaren amaieran ELAk idazkari nagusi Adolfo Muñoz Txikik hartuko du hitza. Mobilizazioek arratsaldean izango dute jarraipena. Gizarte eragileekin batera antolatutako manifestazioa 18:00tan hasiko da. Ibilbidea honakoa izango da: Moyua Plazatik Udaletxera.
Iruñea: Aurreko greba orokorretan bezala, langileen zutabea 09:30tan aterako da, San Jorge etorbidearen eta Nafarroa etorbidearen (biribilgunea) arteko bidegurutzetik. Goizeko 11:00tan beste hiru zutabe aterako dira: bata, Ezkaba plazatik, Txantrean; hurrena, Atarrabia-Villabatik; azkena, Barañaindik, Tilos Plazatik. Eguerdiko 12:00tan goizeko ekitaldi nagusia izango da, Gaztelu Plazan. Mobilizazioek arratsaldean izango dute segida. Gizarte eragileekin elkarlanean antolatutako manifestazioa 19:00tan hasiko da, Donibaneko Europa Plazatik.
Donostia: Eguneko lehen manifestazioa 09:30tan hasiko da, eta Pio XII kaletik aterako da. 11:45tan langileen hiru zutabe aterako dira. Lehena Anoetatik (Topoaren geltokia); bigarrena Saguesetik; hirugarrena Antiguotik (Super Amara). Eguerdiko 12:30tan manifestazio nagusia izango da. Artzain Onaren Plazatik aterako da, eta amaiera Boulevardean izango du. Bertan hainbat hitzaldi izango dira. Arratsaldean mobilizazioek jarraituko dute. Gizarte eragileekin deitutako manifestazioa 18:00tan hasiko da, Boulevardetik.
Gasteiz: Hiriburu osoa zeharkatuko duten martxak 10:00tan hasiko dira. Lehena El Corte Ingles paretik aterako da; bigarrena, Boulevardetik; hirugarrena, Eusko Jaurlaritzatik. Langileen hiru zutabe hauek leku berean izango dute amaiera: Bilbao Plaza. Hain zuzen ere, bertatik habiatuko da goizeko manifestazio nagusia, 12:00tan. Manifestazioa Andra Mari Zuriaren Plazan amaituko da, eta bertan mitina izango da. Gizarte eragileekin batera antolatutako manifestazioa 17:30tan hasiko da, eta, eguerdiko manifestazioaren ibilbide bera izango du: Bilbao Plazan hasi eta Andra Mari Zuriaren Plazan amaitu.