nafarroako bulegoetako sektorea

Greba urriaren 19an erosahalmena bermatuko duen hitzarmenaren alde

2023/10/17
Grebaren egun berean, goizeko 11:00etan, manifestazioa deitu dute patronalaren egoitzaren aurrean, negoziazioan ezartzen ari den blokeoa salatzeko.

Bulegoen sektorean 1.500 pertsona inguruk egiten dute lan Nafarroan. Langile hauen banaketa desberdina da enpresa publikoetan edo pribatuetan lan egiten duten arabera. Enpresa publiko gutxi batzuetan langile kopuru handia dago, eta enpresa pribatu txiki askotan, berriz, langile gutxi daude hitzarmen honen pean. Hitzarmena 2020tik ari da negoziatzen, eta 2023ko abenduan ultraaktibitatea amaituko zaio, hau da, hitzarmen hau aplikatzeari utziko zaio.

Sektore honetan erosahalmenaren galera handia izan da azken urteetan, soldata igoerak prezioen igoera baino txikiagoak izan baitira, KPIaren azpitik baitaude. Horri gehitu behar zaio hitzarmena negoziatu den urte hauetan sektoreko langileek ez dutela soldata igoerarik izan, KPIa oso handia izan den bitartean.

Greba deitu duten sindikatuen (ELA, CCOO, UGT, LAB eta LANKIDE) aldarrikapen nagusietako bat erosahalmena bermatzea da. Beste errebindikazio batzuk honako hauek dira: urteko lanaldia murriztea, hitzarmen honen aplikazioa bermatzea eta hitzarmen honek lehentasuna izatea beste edozein aurretik eta norberaren aukerako bi egun opor gehiago izatea.

Patronalak egoera okertzen duen hitzarmen bat proposatu du ordea, 2022ko soldatarekin alderatuta erosahalmen handiagoa galtzea dakarrelako, eta hurrengo soldata igoerak ez daudelako KPIari lotuta.

Egoera honen aurrean, ELA, CCOO, UGT, LAB eta LANKIDE sindikatuek greba deitu dute sektore osoan urriaren 19rako, ostegunerako, eta egun horretan bertan, goizeko 11:00etan, manifestazioa egingo dute Askatasunaren plazatik abiatuta, Tomas Caballero plazan, ASEODEN patronalaren egoitzan amaitzeko.