Arrantza ikuskatzaileak

Grebak erabateko jarraipena izan du

2024/06/04
EAEko arrantza ikuskaritzako langile guztiek bat egin dute ELAk eta CCOOk deitutako grebarekin, estatu osoan ere hedatu denarekin. Nekazaritza Ministerioak eta Lurralde Politikako Ministerioak aldebakarrez onartutako Estatuko Itsas Arrantzako ikuskatzaileen ordutegi berezien erregulazioaren aurka daudela adierazteko ari dira mobilizatzen. Ministerioek egindako aldaketak parekatu egiten ditu arrantza ikuskatzaileen prestutasun osagarria administrazioko langileekin. Beraz, ez dira kontuan hartzen urte osoan eguneko 24 orduetan jarduten duen sektore honen berezko ezaugarriak. Horrek esan nahi du arrantza ikuskatzaileek ordutegi malguak dituztela, arrantza kanpainen eta denboraldi bakoitzeko beharren arabera; bereziki, lanaldi luzeetan ontziratu behar direnen kasuan. Hala ere, arauketa horrek mugatu egiten du prestutasun osagarri horren aitortza, eta ez zaie behar bezala ordaintzen.

Halaber, Ordutegien Instrukzio berrian ezarritako "Prestasun bereziko egoera" figurak ez dio errealitate horri erantzuten. Horregatik, EAEko zazpi ikuskatzaileek uko egin diote.


Egoera horren aurrean, ikuskaritzako langileek bi ministerioei eskatzen diete lantalde bat sor dezatela arazo horri aurre egiteko eta sektorearen errealitatea ezagutzeko. Gainera, 2010etik galdutako erosteko ahalmena berreskuratzea eskatzen dute, kategoriak hobetzea, langile kualifikatuekin arriskuen ebaluazioa egitea, eta indarrean dauden produktibitate-poltsen eguneratze gardena, besteak beste.


Egungo egoerak salaketak eta isunak ekartzen dizkie ministerioei, ezarritakoaren araberako ikuskapenik ez egiteagatik. Horregatik, ikuskatzaileek berehalako konponbidea eskatzen dute, benetako ikuskapena bermatuko duena eta sektorearen lana aitortuko duena.