ehungintzaren eta oinetakoen merkataritza

Grebak jarraipen zabala izan du Nafarroan

2023/10/30
ELAk Madrilgo mahai sektorialean eskatu du Nafarroako dendak sektoreko enpresa handiek inposatu nahi duten Estatuko hitzarmenetik kanpo geratzea

ELAk gaur, urriak 30, ehungintzaren eta oinetakoen sektoreetan deitutako greba-egunak jarraipen zabala izan du oro har (deialdia Hego Euskal Herrikoa da). Jakina denez, sektoreko enpresa nagusiek (Inditex, H & M, Mango eta Sprinter, besteak beste) patronal berri bat sortu dute, ARTE izenekoa. Patronal horrek negoziazioak hasi ditu sektore osoko lan-baldintzak estatu mailan arautuko dituen lehen hitzarmena ezartzeko. Hitzarmen honekin Estatu osoan lan-baldintzak inposatu nahi dituzte, Euskal Herrian izandako borrokari eta erakunde sindikalari esker lortutako baldintzak arriskuan jarriz.

Patronalak estatu mailako hitzarmena negoziatzea erabaki du (eta ez Nafarroakoa) Estatuko hitzarmenen lan baldintzak okerragoak direlako beti, hau da, merkeagoak enpresentzat. Gogoratu behar da ELAk urriaren 10ean bilera deitu zuela Nafarroako ehunen eta oinetakoen merkataritzako hitzarmena negoziatzeko, aurrekoa 2009tik iraungita dagoelako. Nafarroako hitzarmena duela 14 urte iraungita egoteak, besteak beste, langileek erosahalmenaren ia %25 galdu izana suposatu du.

Horregatik, ELAk bigarren greba eguna deitu du. Grebaren jarraipena oso zabala izan da, batez ere kate nagusietan, grebaren ondorioz denda ugari itxi baitira, batez ere Gipuzkoan eta Nafarroan.

Nafarroan, adibidez, jarraipen zabala izan du greba honek. Tendam taldeko ia denda guztiak itxi dira, Iruñeko erdialdekoak zein merkataritza-guneetakoak. Itaroan Springfield, Woman Secret eta Merkacalzado itxi dira. Morean Springfield, Woman Secret, Cortefiel, Tezenis, Jack & Jones, Ulanka eta Zara (zenbait unetan) itxi dira.

- Iruñeko erdialdean Springfield, Woman Secret, Cortefiel, Tezenis, Donde Siempre, MerkaCalzado, Parfois, Ulanka eta Adolfo Dominguez (bi hauek une batzuetan) itxi dira. Gainera, H & M, Koroshi, Tezenis, Jack & Jones eta Merkacalzado ere itxi dira.

Gaur Madrilen ARTE patronalarekin egindako bileran, ELAk Hego Euskal Herriko lantokiak Estatuko hitzarmen horretatik kanpo geratzea eta lan-baldintzak lurralde bakoitzean negoziatzen jarraitzea eskatu du. Hala ez bada, ELAk mobilizazioak indartuko ditu eta greba egun gehiago egingo ditu.