Greban daude Eptisa Cinsako langileak, erosahalmena bermatuko dien akordioa eskatzeko

Estatu mailako ingeniaritza eta eraikuntza arloko enpresa da Eptisa Cinsa eta, Bizkaian, 60 langile inguru ditu. Espainiako ingeniaritza hitzarmen kaskarra baino pixka bat hobea baino ez den akordioa daukate langileek egun. Gainera, sindikatuak salatu duen moduan, pandemiaren ondorioz pairatutako EEEa eta gero, orain, enpresa ondo doala, ez dira ari mozkinak modu bidezkoan banatzen. Soldata % 2 igo die Zuzendaritzak, lehen sindikatua den ELAren marra gorria den KPIaren oso azpitik, eta horrek erosahalmenean oso eragin negatiboa izaten ari da.
ELAk dio enpresak baduela ahalmena KPIaren gainetiko soldata igoera eskaintzeko, irabaziak modu bidezkoagoan banatuta, azken urteotan galdutako erosteko ahalmena berreskuratzeko.
Horregatik erabaki dute langileek grebara jotzea. Bihar, otsailak 8, eta ostegunean, otsailak 9, beste bi greba egun egingo dituzte Basaurin eta Leioan, eta datorren astean, oraingoz, beste lau egun, gutxienez.