Erabateko jarraipena izan du Vectalia Enkarterrin (Bizkaibus) deitutako grebak

Erabateko jarraipena izan du Bizkaibusi zerbitzua eskaintzen dion Vectalia Enkarterri enpresan ELAk, CCOOk eta UGTk deitutako grebak. 60 langile baino gehiagok bat dute grebarekin, KPItik gorako soldata igoerak eskatzeko, besteak beste. Lehen greba eguna da gaurkoa, hitzarmenaren negoziazioak blokeatuta baitaude. Hurrengoak azaroaren 14an eta 21ean izango dira. Era berean, Bizkaiko Foru Aldundiari eta, zehazki, Garraio Sailari bi eskaera egin dizkiete: alde batetik, balioan jar dezatela Bizkaibusek eskaintzen duen funtsezko zerbitzu publikoa; bestetik, gelditu dezatela onura handiak dituzten enpresa hauen espekulazioa.
Egunero 6.000 pertsona baino gehiagori ematen die zerbitzua Enkarterriko hainbat udalerritan: Muskiz, Sopuerta, Galdames, Truzios, Zalla, Gueñes, Alonsotegi, Okondo, Gordexola, Artziniega. Era berean, Bilborekin eta Gurutzeta eta Basurtuko ospitalearekin du konexioa, baita EHUrekin ere.