EAE Osasun Garraioa

Grebek jarraipena izango dute urtarrilean

2023/12/22
EAEko osasun garraioaren sektorean abenduan deitutako greben hirugarren eta azken eguna da. ELAk positibotzat jo ditu jardunaldi horiek, plantillen %90eko jarraipenarekin.

Patronala ez da greba batzordearekin harremanetan jarri gaur gaurkoz, urrun dauden jarrerak hurbiltzeko. ELAk proposatuta, lan ordezkaritzak negoziazio mahaia osatzen duten sindikatu guztiak deitu ditu, negoziazio kolektiboa zer puntutan dagoen azaltzeko. Oraingoz, ez dago aurrerapausorik.

Gaur ere grebalariek manifestazioa egin dute Bilbon, Basurtuko Ospitalean hasi eta Eusko Jaurlaritzaraino, Osasun Sailaren eraikinetik igarota.

Hitzarmenaren negoziazioaren egoera blokeatuta dagoenez, ELA, LSB-USO, LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek beste 15 greba egun deitu dituzte urtarrilaren 8tik 21era.