Grumal eta Edesako plantillen enpleguari buruzko akordioa
Akordioaren arabera, behar besteko enplegu bermatuko da Grumal eta Edesako plantillek lanpostua izan dezaten, baita kalteordain duinak ere arrazoi pertsonalak medio aukera horretaz baliatu nahi ez dutenentzat. Fagor taldeak hitz eman du mantentzen edo sortzen den enplegu garbia erdibana izango dela bazkide kooperatibistentzat eta egun aktibo diren besteren kontuko langileentzat; kolektibo honi 150 lanpostura bitarteko kopurua bermatuko zaio, sindikatuak aldarrikatu izan duen moduan.
ELA oso pozik dago lortu den akordioarekin, baina gogoratu beharra dago datozen hiletan hitzartu dena gauzatzea falta dela; horrek ardura handiz jokatzea eskatuko du sinatu duten alde guztiengandik, batik bat Fagorren eta proiektua bereganatzen duen enpresaren aldetik.
Zazpi hilabetez luzatu den borroka gogor eta zalantza guztien ondoren, Grumal eta Edesako langileek etorkizuna argitzen ikusteko modua dute, nolabait. Haatik, hau posible izan da nahiz eta Eusko Jaurlaritzako bi sailek, Enplegukoak eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasunekoak, bat ere lagundu ez duten arren. Azken sail horren inplikazioa beharrezko ikusten genuen, kontutan izanik konkurtsoa herri honetako BPGdaren %2 sortzen duen multinazional bati zegokiola, baina duela bi hilabete Arantza Tapia sailburuari bilera eskatu eta oraindik erantzunaren zain gaude.
Akordioa langileek zazpi hilabetez egindako borrokari esker iritsi da; hauen helburua lanpostuak mantentzea zen, baldintza berdinetan konkurtso-prozedurak eragindako behargin guztientzat. Horregatik, langileok hainbeste jenderen aldetik jaso duten babesa eskertu nahi dute.