Gu, bagoaz

2002/10/29

Auzitegi Konstituzionaleko presidenteak egindako adierazpenak larriak bezain eskertzekoak dira. Larriak, berez zuzenbide estatu batean erabat onartezina delako hain ordezkaritza garrantzitsua duen norbaitek joko-arauetan dagokion lekuari halako mespretxuz muzin egitea.
Eskertzekoak, bestalde, inork oraindik zalantzarik bazuen, jasaten ari garen estatuak zuzenbide estatuarekin zerikusirik ez duela argi utzi baitu: Jimenez de Pargak hitz egin zuen bilera hartan estatuko hiru botereen ordezkariak zeudelarik, Konstituzio espainolaren interpretazio berria egin zuen, PPren ultranazionalismoaren irizpideen arabera, garbi utziz horrelako interpreteekin botere politikoak ez duela legeak –oinarrizkoenak izanagatik ere– bere nahierara moldatzeko inongo arazorik.
Hori aski ez eta algara eta konplizitate keinuen artean Batasuna legez kanpo uzteko asmoa gauza egintzat eman zuenean independente behar lukeen botere judizialaren menpekotasuna agerian geratu zen.

Oraingoan bezala botereetako kideak lagunarte giroan elkartzen direnean, mozorroak kendu eta gauzak nola diren edota behar luketeen lasai asko botatzen dute. Ondorioz, zuzenbide-estatuaren zutoinetako bat den botereen bereizketa antzezpen hutsa bilakatzen da. Jimenez de Pargaren moduko antzezle zabarrekin, ordea txotxongiloak mugitzen dituzten hariak nabarmen eta itsusi agertzen dira.
Azken batean, agintzeko orduan ez baitute txantxarik egiten, eta herritarrok, batzuk besteok baino gehiago, ordaintzen baitugu: Jose Elorrietak Anoetan esan zuen legez, estatuak bere aurpegi zapaltzailea erakusten digu etsaitzat gaituen euskaldunoi.