Guardia Zibilak ELAko bi militante atxiki ditu, horietako bat Nazio Batzordeko kidea, eta sindikatuko barne agiriak konfiskatu dizkie

2007/02/28
Guardia Zibilak ELAko bi militante atxiki ditu otsailaren 28an A-8 autobidean Eibarren jarri duen kontrolgunean; militanteetako bat Egoitz Iturbe da, Debako Eskualde Baturako eta Nazio Batzordeko kidea.

ELAko bi kideak ordu eta erdiz atxiki dituzte, armen mehatxupean eta euripean. Aurrera jarraitzen utzi aurretik Guardia Zibilak ELAko arduradunak zeraman dokumentazioa konfiskatu du; konfiskatutako agirien artean sindikatu honen barne txostenak daude. Guardia Zibilak egindako aktak jasotzen duenez "atxikitako agiriak ekintza terroristekin harremana izan dezakete".

ELAren ustez horreko portaerek agerian uzten dute, terrorismoaren aurkako borrokaren aitzakiarekin, Guardia Zibilak pertsonen eskubide eta duintasunaren aurka agertzen duen jarrera, eta, kasu honetan bezala nola jarduten duen askatasun sindikalaren aurka.

ELAk salaketa jarri du guardiako epaitegian.