AIARALDEA

Guardian Laudioko langileek mobilizazioak hasi dituzte etorkizuneko proiektu bat eskatzeko

2023/11/20
Gaurko eta biharko kontzentrazioek langile kopuruaren murrizketari eta inbertsio faltari buruz ohartarazi dute

Laudioko Guardian enpresako langileek mobilizazioak hasi dituzte Laudioko lantegirako etorkizuneko proiektu bat eskatzeko. Batzordearen ordezkaritza ELAk (7 ordezkari) eta LABek (2) dute.
Inbertsiorik eza, kontrataziorik gabeko plantillaren etengabeko murrizketa, zuzendaritzaren jarrera guztiz pasiboa eta Guardian multinazionalak Glavistarekiko duen jarrera lotsagarria, edozein irtenbide blokeatuz, Laudioko plantarako proiektu-gabezia nabarmenaren adierazle dira. Utzikeria eta interesik eza nabarmenak dira.
Alde batetik, Guardianek ahalegin guztiak egin behar ditu Glavistaren berehalako itxiera konpontzeko eta saihesteko, bere ardura baita. Bestalde, multinazionalak proiektu bat bermatu behar du Laudioko plantarako. Bi lantegien etorkizuna lotuta dago.
Erakunde publikoek oso ongi ezagutzen dute bi lantegien egoera, eta ELAk eskatu die modu erreal eta irmoan inplika daitezela Aiaraldeko industria suntsitzea saihesteko. Guardian Laudioko langileek elkarretaratzea egin dute gaur eta bihar, asteartea, egingo dute, 12: 00etatik 15: 00etara, enpresaren sarreran.