Guggenheim Museoa pobrezia sortzeko makina bihurtu zen

2014/03/04
ELAren aburuz atzo Guggenheim Museoan elkartu ziren guztiak bat datoz murrizkekin. "Ez da egia hemen gure agintariek beste modelo ekonomiko eta sozial bat dutenik. Propaganda alde batera utzita, politika publikoetako gai nagusiak PPrekin adosten dira. Bat datoz, baita Urkullu eta Barcina, defizit publikoan, lehentasun osoa ematerakoan zorra ordaintzeari, aurrekontuen diziplinan, murrizketa sozialetan edo fiskalitatean".

ELAren iritziz atzo Guggenheimen benetan agintzen dutenak zeuden, baita hauen esanetara daudenak ere. "Gobernu guztiek plantak egiten dituzte, nahi dute guk pentsatzea erabakiak behartuta hartzen dituztela. Baina hori ez da egia: politikak adostuta daude. Rajoyk Troikarekin batera hartzen ditu erabakiak. Espainiar gobernuko presidenteak estatuan ezartzen duen politika guztia Eurotaldean hitzartzen du. Erabaki ondoren, gainera, oinarri-legeak eta autonomietako gobernuekin egiten dituen akordioak medio gauza bat lortzen du, estatu guztian politika bakarra inposatzea".

ELAk dioenez Guggenheimen izan zirenak "lasai asko aldarrikatzen dute desberdintasun sozialak areagotzea, enplegu duina kimera bihurtu dute, soziala den guztia txikitzen dute, ekonomia pribatizatu Eskubide sozial ororen gainetik, soldatei erasoka, askatasun eta giza-eskubideen aurka, lehentasuna ematen diote lehiakortasunari eta merkatuari".

ELAren esanetan ajusteak eta murrizketak ezin dira ekonomia errealarekin eta enpleguarekin bateratu. Doikuntza politikei eustean langabezia gehitzen da, eta gure jendea, pobretu. Oinarritzat esportazioa duen eredu ekonomikoa lehenetsita izugarrizko pobretzea lortzen da. Badakite; horixe egin baitute beste leku batzutzan ere. Esportazio eredua multinazionalen mesederako da. Esportazioari lehentasuna emanda, soldatak jaisten dira, lanaldia luzatu, malgutasuna areagotu; gero eta pobrezia multzo handiagoak sortzen dituzte, kapitalen gaineko zergak jaitsi, ingurumenari buruzko legeak aldatu.

Azkenik, ustelkeria jaun eta jabe den bitartean, atzo ez zela lehentasuna izan salatu du ELAk. Alabaina, horri jazartzea ez da lehentasuna. "Ustelkeria estrukturala da, eta ondo datorkie, erabilgarria delako. Europan gai bati lehentasuna soilik ematen zaio zigorra jasotzeko arriskua badakar, eta ustelkeria ez da zigortzen. Aitzitik, Europan babes sozial eta laborala zigortzen dute".