Guggenheim museoko garbitzaileen grebarako eskubidearen urraketa sistematikoa

Alde batetik, garbiketa-zerbitzua egikaritzen duen kontratak (Ferrovial) lan guztia berrantolatu du grebarik egiten ez duten langile gutxi batzuen artean, eta lanaldiak handitu dizkie, grebaren ikusezin bihurtzeko ahaleginean.
Bestalde, Bilboko Udalak bere menpe dauden kale garbitzaileei agindu die greban dauden langileek garbitu beharko zituzketen guneak garbitzeko. Gogorarazi beharra dago, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea Museoaren Patronatuko eta Batzorde Exekutiboko kide dela.
Azkenik, Museoko cateringa kudeatzen duen enpresak (Andamabi) bere langileei orain arte egiten ez zituzten garbiketa lanak egitea agindu die, Museoak bere instalazioetan antolatzen dituen gala dotoreak normaltasunez eman asmoz.
Bistan denez, garbikuntzako langile grebalariak ez datoz bat Museoak eta Udalak kanpora begira eman nahi duten luxuaren eta dotoreziaren irudiarekin.
ELAk gai honetan parte-hartzea duten eragile guztiei exigitzen die eser daitezela greban dauden langileekin negoziatzera, eta izan daitezela eredu, berdintasuna ez baita soilik agerraldi publikoetan efektu mediatikoz erabili beharreko kontzeptu bat.
Bizkaiko Foru Aldundiak Urdaibain Guggenheim museo berri bat diru publikoz finantzatzearen onurez hitz egiten digun egun hauetan, herriak jakin behar du zein baldintza miserabletan lan egiten duten Museoko azpikontratatutako kolektiboek, bien bitartean prekarietatea baino ezkutatzen ez duen turismo-eredu batera diru-kopuru izugarriak bideratuz.
Guggenheim museoko garbitzaileen kolektiboa greban dago ekainaren 11tik, lan-baldintza eta soldata duinen alde eta sektore osoko garbitzaileek kale-garbiketako kolektiboarekin alderatuta pairatzen duten soldata-arrakalaren aurka.