Guggenheim Museoko garbitzaileen grebak 91 egun bete ditu

2021/09/10
Bilboko Guggenheim Museoan garbiketa zerbitzua ematen duten langileek greba egiten jarraitzen dute euren lan baldintza tamalgarriak duintzeko. Gaur 91 egun bete dira euren arazoak agerian uztea erabaki zutenetik. Langileek egungo soldata-arrakala ezabatzea eta soldatak hobetzea aldarrikatu dute. Izan ere, langile gehienak duela 20 urtetik, Guggenheim museoa inauguratu zenetik, museoari zerbitzu hori ematen ari diren emakumeak dira, eta hileko batez besteko soldata 600 euro ingurukoa da.

Soldata horiek kale-garbiketa egiten duten langileekin alderatuz gero, gehienak gizonak, aldea urteko 7.941 eurokoa (% 49,81ekoa). Guggenheim Museoak eta Ferrovial Servicios enpresak, ordea, ez dute arrakalaren existentzia onartzen, eta Ferrovialekin izandako bileretan soldata horiek hobetzeari uko egin dio.
Langileek lan-kargak murriztea eta orduak gehitzea ere eskatzen dute, lanaldi partzialek ez baitute bizitza duina izateko aukerarik ematen.
ELAk salatu duenez, Ferrovial Servicios, zerbitzu horren enpresa esleipenduna, langileen grebarako eskubidea urratzen ari da, greban dauden langileei dagozkien barnealdeak garbitzen ari baita. Era berean, salatu du Guggenheim Museoa, Bilboko Udalarekin batera, Udalaren makineria erabiltzen ari dela greban dauden langileei dagozkien kanpoko lanak egiteko. Hori dela eta, sindikatuak salaketa jarri du Lan Ikuskaritzan.