Guggenheimeko garbitzaileek % 20ko soldata igoerak eta kontratu partzialen desagerpena lortu dituzte

Lan osasunari dagokionez, gehiegizko lan karga eta erritmo bortitzak salatu dituzte langileek greban zehar. Bada, horiek mugatzeko neurriak ere jasotzen ditu hitzarmenak: lan karga eta denbora neurtu, eta museoak eskatzen duen kalitate eta eskakizunen arabera egingo da lan banaketa hori, zenbat langile behar diren aldez aurretik zehaztuz. Era berean, errelebo kontratua gauzatzeko xehetasunak jaso dira, baita lizentzia, baimen eta atsedenaldietan hobekuntzak ere.
Gogoratu dezagun borroka hau ELAren prekaritatearen eta soldata arrakalaren aurkako borrokan kokatzen dela. ELAren helburua da 18.000 eurotik beherako soldatak desagerraraztea, batik bat emakumeei egiten zaizkien lanaldi partzialeko kontratuak luzatuz, besteak beste. Baita lan osasunaren inguruko hobekuntzak ere bermatuz. Eta bide horretan doa Guggenheimen lortutakoa.
ELAk zoriondu nahi ditu euren eskubideen alde hainbeste hilabetez eutsi dieten langileei. Garbitzaileen borroka eredugarria da, eta oraintxe greban dauden beste kolektiboek egiten dutenarekin batera, baliagarria izango da garbitasun sektorean diharduen jende guztiaren baldintzak hobetzeko. Hori dela eta, gaur Bilboko Guggenheimeko zabalgunean egin den ospakizunean, museoko garbitzaileek lekukoa pasa diote Bizkaiko epaitegietako langileei. Horiek ere greban daude soldata arrakalaren aurka.