GURASO BAKARREKO FAMILIAK

Prestazio bikoitza ukatzeak europako araudia urratzen duen galdegin du ELAk

2023/06/06
ELAk Auzitegi Gorenari eskatu dio galde diezaiola Europari ea guraso bakarreko familia bati jaiotza eta zaintzako prestazio bikoitza ukatzeak europar araudia urratzen ote duen. ELA da Estatu mailan horrelako eskaria egin duen lehen sindikatua.

Gogoratu beharra dago lehenik EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ELAri eman ziola arrazoia 2020an; epaian ebatzi zuen guraso bakarra den ama bati ukatzea jaiotza eta zaintzagatik bigarren gurasoari dagozkion asteak diskriminazioa eragiten zuela, hala haurrarentzat, nola amarentzat. Haatik, Gorenak epai hura ezetsi egin zuen esanez baimen hori emateko Gizarte Segurantzako araudia aldatu behar zela, eta hori soilik legegilearen esku dagoela.

Orain ELAk helegitea sartu du erabaki dadin estatuko araudia bat ote datorren Europako Eskubide Sozialen Kartarekin eta gai honi buruzko europar zein nazioarteko arauekin. Helegitearen oinarria hiru diskriminazio dira: 1.) guraso bakarreko haurrek pairatzen dutena; 2º) emakume langileen kontrako genero-diskriminazioa, eta 3.) guraso bakarreko familien kontrakoa, bi gurasoko familien aldean.

Gorenak helegitea onartu ez edo ukatuz gero, eskubide hau bete dadila galdegiteko Auzitegi Konstituzionalera jo daiteke babes eske eta, ondoren, Giza Eskubideen Europako Auzitegira. Izan ere, ELAren iritziz Gorenaren epaiak emakumeen aurkako diskriminazioa iraunarazteaz gainera familia hauetako haurrei ukatu egiten baitie bi gurasoko familietako seme-alaben baldintza berdinetan zainduak izateko eskubidea.