LANBIDEARTEKO GUTXIENEKO SOLDATA (LGS)
Gutxieneko soldata berria aberastasuna hobeto banatzeko

Azkenaldian hainbat ekimen garatu dira Hego Euskal Herrian gutxieneko soldata erdiesteko. Datozen hilabeteetan ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek ekimen horiek elkarrekin landuko dituzte: batetik, bertako instituzioek gutxieneko soldata ezartzeko ahalmena izatea helburu duen Herri Ekimen Legegilea; bestetik, gutxieneko soldata propioa finkatuko duen Lanbidearteko Akordioa. Bi bideak osagarriak direla ulertuta, sindikatu hauek bateratzearen alde egin dute. Lehen urrats gisa 2025eko urtarrilaren 8an Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan Herri Ekimen Legegile bana erregistratu zuten, Hego Euskal Herriko administrazioek legezko gutxieneko soldata arautzeko aukera eska dezaten.
Negoziazio kolektiboko arduradun Pello Igeregik azpimarratzen duenez, gutxieneko soldata ezartzeak langileentzat babes dimentsioa du, negoziazio kolektiboz gutxieneko erreferentziarik bermatua ez duten edo erreferentzia hori baino soldata txikiagoa duten jarduera guztietan ezartzen baita.
“Gutxieneko soldatak soldaten nahikotasun maila bat ekarri behar du orokorrean. Politika sozial eta ekonomikorako tresna den heinean, gutxieneko soldata aberastasuna banatzeko eta kohesio sozialerako mekanismoa ere bada, pobreziaren mugaren azpitik dauden pertsona kopurua murrizten duena eta legezko lan baldintzak baino handiagoak dituzten sektoreetan soldaten goranzko negoziazioa bultzatzen duena. Hego Euskal Herrirako Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren (LGS) zenbatekoa finkatzeko orduan irizpide ezberdinak erabili litezke, baina argi dagoena zera da: Espainia mailan finkatutakoa Hego Euskal Herriko langileei bizi baldintza duinak bermatzetik oso urrun geratzen da”.
Gutxieneko soldatak lurralde dimentsio argia ere badu. Hala azpimarratzen du Igeregik. “Hego Euskal Herriko gizarte, kultura, sindikatu eta politika sarea beste lurraldeetakoen aldean ezberdina da, bai osaerari bai ereduari dagokienez. Hego Euskal Herrian LGSk gizarteak behin eta berriz hauteskunde sindikaletan edo mobilizazio gaitasunean erakusten duen borondate berezituari erantzun behar dio. Bertako errealitate sozioekonomikoa eta sindikala islatuko duen LGS berria burujabetzaren aldeko aurrerapausoa ere izango litzateke, lan harremanetarako euskal esparrua eratzeko aurrerapausoa, gizartearen gehiengoaren bizi baldintzak hobetuko dituena aberastasunaren banaketa justuago baten bidez”.
Gutxieneko soldata adosteko eskaera
Herri Ekimen Legegilea martxan jarri ondoren, urtarrilaren 14an ELAk Lanbidearteko Akordio baterako eskaera luzatu zien Confebask eta CEN patronalei, EAEn eta Nafarroan Gutxieneko Soldata propioa adostu dadin. Abiapuntu ezberdinak izanik, Herri Ekimen Legegilea (HEL) eta Lanbidearteko Akordioa ekimen osagarriak gerta daitezke. Izan ere, HELak sortutako atxikipenak patronalak lanbidearteko akordio bat adosteko presionatzen du eta lanbidearteko akordio baten negoziaketak legezko aldaketak eman daitezen lagun daiteke.
Egitura sozioekonomiko propioa
INEren azken datuen arabera, EAEko biztanleko Barne Produktu Gordina 39.547 eurokoa da eta Nafarroakoa 37.088 eurokoa; Estatukoa, berriz, 30.968 eurokoa da. Era berean, EAEko bataz besteko soldata 32.313,73 eurokoa da eta Nafarroakoa 29.189,52 eurokoa, Estatukoa 26.948,87 eurokoa den bitartean.
Pello Igeregiren ustez, datuek erakusten dute Hego Euskal Herriko egitura sozioekonomikoa ezberdina dela eta Espainiako gutxieneko soldatak ez duela balio aberastasunaren banaketarako tresna gisa, ezta Hego Euskal Herriko prezioen arabera langileak pobreziatik ateratzeko mekanismo moduan. Eusko Jaurlaritzak berak onartu zuen 2022ko pobreziari buruzko txostenean EAEn nahikotasunez bizi ahal izateko urtean 19.848 euroko diru sarrera izatea ezinbestekoa dela, eta Espainiako gutxieneko soldata kopuru horietatik oso urrun kokatzen da (2024an, bi urte ondoren, 15.876 eurokoa izan da eta orain eztabaidatzen ari denaren arabera, eszenatoki baikorrenean 16.576 eurotara igoko da 2025ean).
Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari aldarria
Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak gutxieneko soldata propio baten alde ere ekin beharko lukete. Hala azpimarratzen du Igeregik. “Gobernuek gutxieneko soldata egoki bat nahi badute patronalak estutu behar dituzte, eta horretarako modu eraginkorrena da argi uztea patronalari lanbidearteko akordioa sinatu ezean gutxieneko soldata hemen arautzearen alde egingo dutela; ondorioz, sindikatuek aurkeztutako Herri Ekimen Legegileak babestuko dituztela adieraztea. Era berean, gobernuen esku dago bere ardurapeko langileei, zuzenenean kontratutakoei zein azpikontratatutakoei, gutxieneko soldata duin bat eskainiko zaiela bermatzea”.