Gutxieneko soldata propioa

Gutxieneko soldata propioaren aldeko herri ekimenak aurrera jarraitzen du: sinadurak online biltzeko aukera abian da

2025/07/03
ELA, LAB, ESK, STEILAS, ETXALDE eta HIRU sindikatuok gutxieneko soldata propio baten aldeko dinamika martxan jarri dugu. Ekimen horrek bi norabide nagusi ditu: batetik, gure eskumen esparruaren baitan, lanbidearteko akordio baten bidez gutxieneko soldata propioa adostea; bestetik, eskumen berriak eskuratzea, Langileen Estatutuaren aldaketaren bitartez.

Lehen bidea, ordea, patronalak oztopatu du oraingoz. EAEko Confebask patronalak eta Nafarroako CEN patronalak, biek ala biek, ezezko borobila eman diote lanbidearteko akordioaren aukerari.

Bigarren bidea garatzeko herri ekimen legegilea abiatua dugu, eta milaka langileren babesa jaso dugu dagoeneko. Sinadura bilketa mobilizazio erraldoi bilakatu nahi genuela esan genuen, eta hamarnaka mila sinadura bildu ditugu; langileriaren erantzuna sendoa eta baikorra ari da izaten. Sinadura horiek guztiak EAEko eta Nafarroako legebiltzarrei aurkeztuko dizkiegu, lege aldaketa posible egiteko lehen urrats gisa. Bestetik, patronalei ere aurkeztuko dizkiegu, euren erabakia mugiarazteko helburuz.

Orain, dinamika indartzeko urrats berria egin dugu: horretarako behar genuen Eusko Jaurlaritzaren baimena eta bere atzerapena gaindituta, gaurtik aurrera sinadurak online biltzeko aukera izango da. Horren bidez, sinatzeko aukera erraztea eta zabaltzea dugu helburu. Horregatik, dei egiten diogu jendarteari, oraindik eskuz sinatu ez badu, modu erraz eta azkarrean online sinadura eman dezan.

Ziur gaude gutxieneko soldata propioa ezartzea lortuko dugula, bide batetik edo bestetik, ezinbesteko tresna baita soldata arrakalei aurre egiteko, aberastasuna modu egokiagoan banatzeko eta prekaritateari eta pobreziari muga jartzeko.

Informazio gehiago eta sinatzeko esteka: https://lanbideartekosoldata.eus/eu/