LANBIDEARTEKO GUTXIENEKO SOLDATA
Gutxieneko soldata propioaren hamaika abantailak

Manu Robles-Arangiz Fundazioak eta Ipar Hegoa Fundazioak elkarlanean antolatu genuen jardunaldia Bilboko Bizkaia Aretoan, eta 150 lagunetik gora bildu ginen. Goizeko pausarako eskatuta genuen kafea motz geratu zen eta gehiago eskatu behar izan genuen! Egun osoko jardunaldian hitzaldi eta ekarpen anitzak jaso genituen, mundu akademikotik, sindikaletik eta mugimendu sozialetik etorritako hizlarien eskutik: gazte mugimenduen ikuspegia, etxebizitzaren arazoa, ekonomia sozial eraldatzailea, legegintzaren aukerak eta mugak, burujabetza prozesuak eta baita nekazaritza eta lehen sektorearen egoerak ere izan zuten tokia. Guztien ekarpenek elkarren osagarri eginez, Hego Euskal Herrirako lanbide arteko gutxieneko soldata propioaren inguruko gogoeta kolektibo eta aberatsa osatu zuten.
Jule Goikoetxeak hasiera hasieratik hausnartzen jarri gintuen: emakumeak eta pertsona migratuak kolektibo gisa tratatu ordez, klase frakzio gisa ulertzeko garrantzia nabarmendu zigun. Azaldu zuenez, gutxieneko soldatak langile-klasearen babes soziala handitzen du eta aberastasunaren banaketan eragiten du, bereziki soldata txikienak dituzten sektore feminizatu eta migratuetan. Hala ere, igoeraren ondorio zehatzak faktore politiko eta ekonomikoek baldintzatzen dituzte, hala nola kapitalaren eta lanaren arteko indar-korrelazioek. Horregatik azpimarratu zuen soldata-politikak lurralde bakoitzean erabaki behar direla, tokian tokiko botere harremanekin lotuta baitaude, eta Hego Euskal Herrian subiranotasun politiko eta ekonomiko handiagoa behar dela soldata duinen aldeko borrokan aurrera egiteko.
Oso motibagarria iruditu zitzaidan Jone Etxeberriaren hitzartzea. Ekonomia eraldatzailearen ikuspegitik kokatu zuen eztabaida, pitzadura txikien bidez sistema kapitalista heteropatriarkala eraldatzeko aukera gisa ulertuta. Alegia, praktikaren bidez, egunerokoan aritzearen eta sisteman pitzadurak egitearen garrantzia mahaigaineratu zuen hitz gutxitan. Lanbidearteko gutxieneko soldata propioak zaurgarrien dauden gorputzak eta lurralde aniztasuna erdigunean jartzen dituela azaldu zuen, eta aldaketa sozial sakonago baterako bidean kokatu zuen aldarrikapena.
Endika Alabortek gutxieneko soldataren inguruko ikuspegi akademiko, politiko eta lurraldekoa landu zuen, neoliberalismoaren testuinguruan kokatuz. Lurralde-mailako gutxieneko soldatak ezartzea defendatu zuen, bizitzaren kostuen araberako egokitzapena ahalbidetzeko. Adibide gisa, Bartzelonako metropoli-eremurako egindako ikerketa batek erakusten duenez, gutxieneko soldataren igoerak ez luke enpleguan eragin negatibo esanguratsurik izango, eta aldiz, soldata baxuen erosahalmena nabarmen handituko luke. Euskal Herrian ere, bere ustez, beharrezkoa da egungo estatu-nazioaren marko zentralizatutik haratago joatea eta lurralde bakoitzaren errealitate ekonomiko eta sozialera egokitutako proposamenak lantzea, gatazka sozialaren kudeaketa kontuan hartuta.
ELAkideen hausnarketak
Ez da helburua egun hartako hitzartze guztiak jarraian laburtzea. Pintzelada txiki batzuetatik abiatuta, egokia iruditzen zait ELAko kideen ekarpenei lekua egitea. Maider Domingok genero-ikuspegitik aztertu zuen gaia. Emakumeek eta migratzaileek lan-merkatuan pairatzen dituzten arrakala desberdinak (soldata, pentsio, partzialtasuna, hitzarmen kolektiboen estaldura...) nabarmendu zituen. Adibidez, EAEko emakumeek gizonekiko 5.780 euroko soldata-arrakala dute urtean, eta Nafarroan 5.926 eurokoa; gainera, emakume migratuen eta bertako gizonen artean, urteko 16.000-17.000 euroko alde handia dago. Negoziazio kolektiborik gabe dauden sektoreetan –emakumeak eta migratzaileak nagusi diren zerbitzu eta zaintza lanetan– gutxieneko soldata askotan sabaia bihurtzen dela azaldu zuen. Horrez gain, emakumeen %59ak 700 eurotik beherako pentsioa jasotzen du, pobrezia-arriskuan jarriz. Hori dela eta, Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren igoerak kolektibo horien bizi baldintzak hobetzeko duen garrantzia azpimarratu zuen.
Xioma Caterin Suazak migratzaileen errealitatetik aztertu zuen proposamena. Gutxieneko soldataren igoerak bizi-baldintzak hobetu ditzakeela nabarmendu zuen, baina ohartarazi zuen aldaketa horrek ezin dituela egitura kolonial eta arrazista sakonak berez gainditu. Horregatik, soldataren igoerarekin batera, lan eta immigrazio politiketan ere errotiko aldaketak planteatu behar direla aldarrikatu zuen.
Azkenik, Roser Espeltek, ELAko Azterketa Bulegoaren eta Negoziazio Kolektiboa eta Industria-politika Bulegoaren lankidetzarekin batera, Hego Euskal Herrirako gutxieneko soldataren proposamen zehatza aurkeztu zuen. ELAren planteamenduak orain arteko batez besteko soldataren %60ren erreferentzia gainditzen du eta Barne Produktu Gordina per capita (BPGpc) hartzen du oinarri. Proposamenaren arabera, gutxieneko soldatak BPGpc-aren bi heren (%60-%70 artean) izan beharko luke, aberastasunaren banaketan urrats kualitatiboa eginez: soldaten parteaz gain, kapitalaren irabaziak ere banaketaren parte bilakatuz. Neurri honek 165.000 eta 225.000 pertsona artean izan lezake eragina, nagusiki emakume eta migratzaileak pilatzen diren zerbitzu eta zaintza sektoreetan. Proposamenarekin batera, politika fiskal progresiboagoak, industria-politika iraunkorra eta lanaldiaren murrizketa planteatu ziren, proposamena jasangarri eta eraginkor bihurtzeko.
Gaiak duen garrantzia estrategikoa dela eta, ELAren Kongresura ere eraman zen eztabaida, eta ebazpen berezi bat onartu zen. Ebazpenean, ELAk exijitzen zuen gutxieneko soldata Hego Euskal Herrian erabaki dadila, eta sinadura bilketa, instituzioei presioa egitea eta mobilizazioak bultzatzea erabaki da helburu hori lortu arte. Kongresuan Leire Gallegok gogorarazi zuenez: “Mundu osoan, gutxieneko soldata kohesio sozialerako eta aberastasuna banatzeko tresna bat da. Baina Espainiako gutxieneko soldatak ez du funtzio hori betetzen gure herrialdean, hau da, ez du balio hemengo langile asko pobreziatik ateratzeko. Espainiako Transizioa delakoak lan-harremanen eredu zentralista ekarri zuen, eta hori Euskal Herriko langileen prekarizazioa sakontzeko erabili da.”