Gutxieneko soldataren akordioak igoera txikiegia dakar

2021/09/17
Gutxieneko soldata 15 eurotan igotzea oso urrun dago PSOEk eta Unidos Podemosek 2019ko akordioan agindutakotik; izan ere, akordio horretan 2020an 1.000 eurora iristeko konpromisoa hartu zuten, eta are urrunago dago iazko urtarrilaren 30eko greba orokorraren eskaeratik, zeinetan 1.200 euroko gutxieneko soldata eskatzen zen.

Gogora dezagun lanbide arteko gutxieneko soldataren igoera izoztuta geratu zela iaz, eta akordio berriak %1,6eko igoera baino ez du ekarriko. Hori inflazioak maximoak markatzen dituen testuinguru batean gertatzen da, abuztuko urte arteko KPIa %3,3koa izan zen; hau da, %2ko muga gainditu zuen laugarren hilabetez jarraian. Beraz, LGSren igoera inflazioa baino askoz txikiagoa da; ondorioz, eros ahalmenaren galera gero eta nabariagoa da langile klasearen poltsikoetan.

Azpimarratu beharreko beste kontu bat da beste behin ere agerian geratzen dela elkarrizketa sozialak eta elkarrizketa hau osatzen duten sindikatuek ez dutela balio benetan langileriaren baldintza materialak hobetzeko. Elkarrizketa soziala, bai HEHn, bai Espainiako Estatuan, lan- eta gizarte-eskubideak murrizteko (pentsioak murrizteko akordioetan bezala) edo, kasu honetan bezala, beharrezko lan- eta gizarte-aurrerapenei oztopoak jartzeko erabiltzen den tresna bat da. Igoerak eros ahalmenaren galera dakarrenean, transmititu nahi den sentsazioa aurrerapen sozial handikoa da, soilik patronalak ez duelako sinatu. Oraingoan, patronalak hasieratik egin zion uko LGSren igoerari, enplegua suntsituko zuela argudiatuz. Baina 2019an gertatutakoak erakusten du LGSa igotzeak ez diola kalterik egiten enpleguari, kontrakoa baizik, eta, gainera, ondorio positiboak dituela Ogasunen eta Gizarte Segurantzaren diru bilketan.

Gaineratu behar da gutxieneko soldatari buruzko erabakia euskal sindikalismoari edo galegoari inolako parte-hartze formalik eman gabe hartu dela, eta horrek aurreko exekutiboekin alderatuta, atzerapausoa ere badakar.

Beraz, Madrilen onartutako igoera eskasak arrazoia ematen digu presiorik eta mobilizazio sozialik gabe ez dela ezer lortuko esaten dugunean. Hori dela eta, ELAk borrokan eta mobilizazioetan jarraituko du gure lurraldeko gutxieneko soldata nabarmen hobetzeko.