Karta Sozialak salatu du 103.000 pertsona gehiago daudela pobrezia arriskuan

Gaur Iruñean Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak “Diru Sarrera Duinen alde, POBRETZEARI STOP, condiciones de vida dignas!” lelopean egindako elkarretaratzean, biztanleriaren pobretze prozesua azkartzen ari dela salatu da. Izan ere, 2021ean Euskal Herrian 103.000 pertsona gehiago zeuden pobretze arriskuan 2008an baino, hau da, %44 gehiago. Hauetatik 29.000 Nafarroan. Gainera, bilakaera goranzkoa da, joera estrukturala da.
Horri guztiari aurre egiteko prestazio sozialak ez dira nahikoak eta okerrera doaz. Nafarroan Bermatutako Errentak Soldata Minimoaren igoeraren arabera igo behar zuen. Aldiz, orain dela urte batzuk “Aldaketaren Gobernuak” baldintza hori kentzea legeztatu zuen. Honek dakarren eragin okerrena emakumeok pairatzen dute, soldata eta pentsio baxuenak dituztelako.
Erosahalmena galtzen ari da esparru guztietan: soldatetan, pentsioetan, administrazioko langileen soldatetan eta prestazio sozialetan, besteak beste. Hori guztia Ibex 35-eko enpresen etekinak gora doazen bitartean gertatzen ari da (2019an baino %83 gehiago irabazi dute 2021ean).
Hori guztia dela eta, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak gizarteari dei egiten dio azaroaren 19ko lau hiriburuetako mobilizazioetan parte hartzera, honako aldarriekin: 1.400euroko gutxieneko soldata, 1.260euroko gutxieneko pentsioak eta pertsona guztientzako prestazio sozial nahikoak.