Gutxiengoak sinatutako akordioak Gasteizko Mercedesi enplegua areago prekarizatzeko aukera emango dio
Akordio honekin gutxiengo sindikalak enpresari bitartekoak ematen dizkio produkzioa markak hausten ari den urte batean ere lan-baldintzak are prekarioagoak bilaka ditzan, batik bat sartzen diren langile berriei, hauentzako eskala bikoitza hedatu egingo baita. Akordio honekin sindikatuek enpresari men egiten diote soldata igoera %1,8koa izan dadin, hots, krisi betean sinatu zen azken hitzarmenean baino %0,7 gutxiago.
Akordio honekin gutxiengo sindikalak aldi baterako langileekin truke bat egingo du. Nabarmena denean egungo 1.900 aldi baterako langile gehienen eginkizuna estrukturala dela eta aurtengo zein datorren urteko produkzio mailarako ezinbestekoak direla, akordioa sinatzean 500 postu finko bihurtuko direla hitzartu dute (hauetatik 300 aurreko hitzarmenean ere hitz emanda zeuden), eta 125na datozen lau urteetan, baldin eta produkzio mailak aukera ematen badu; kopuru horretatik 200 erretiroa hartzen duten langileak ordezkatzeko izango dira.
Sindikatu hauek jakinaren gainean ari dira bermatzen enpresak legea urra dezan eta lau urtez 1.000tik gora langile aldi baterako kontratuz manten ditzan, jakinik kontratu mugagabea izan beharko luketela. Hau lotsagarria da.
Beraz, akordio hau enpresak eta enpresarentzat egina da, eta produkzioa eta etekinak markak hausten ari direnean lan-baldintzak zeharo okertzeko bidea irekitzen du.