GUZTIA EZ DA EZTABAIDAGAI (Astekaria 119, Editoriala)

2003/11/17

Euskal Herriaren nortasunaren aldeko garenok gizarte eta politikan baditugu hainbat alorretan iritzi kontrajarriak, hots, ez gara guztiok kolore eta pentsamolde berekoak. Baina gure asmoek aurrera egingo badute ezinbestekoa da gutxieneko puntu batzutan ados jartzea, estrategia bat bidera dezaketen ildoak oso zabalak izan daitezkeenak taxutzea. Oinarrizko gai hauetako bat da Europako Konstituzioa. Oraindik ere behin betiko testurik ez dagoen arren, ezagutu dugu hainbat xehetasun, baita bere inguruan sortu diren eztabaidak ere.

Esan bezala, gaiaren garrantzia erabatekoa da, Konstituzioak EB baitako estatu eta herri guztien oinarri politikoak ukitzen baititu, gure sistema politikoa baldintzatuko duen legea den heinean. Beraz, hari buruzko jarrera adostua izatea komenigarria baino areago behar-beharrezkoa zaigu, baina hasieratik indar abertzaleak zatituta dirudite.

Zergatik diogu halakorik? Euskal gizartean konstituzio berriarekiko zein jarrera hartu beharko litzatekeen eztabaidarik izan ez den arren, eta testua oraindik zehazgabea bada ere, hasi dira dagoeneko indar batzuk eta besteak posizioak finkatzen, eta guztiz kontrajarriak gainera: Ibarretxek dio berak aurkeztutako estatutu berriaren proposamenak baduela lekua konstituzioan; beraz, badirudi bere alderdiak alde bozka dezakeela. Ezker abertzaleko ordezkariak, berriz, aurka azaldu dira. Beste askotan bezala, gizarteko erakunde eta taldeak tartean harrapatzen gaituzte, baten edo bestearen aukera egin beharrean.

Alabaina, ez ote da hau, erabakitzeke dagoen kontua izanagatik, aukera ezin hobea ikuspegi nazionaletik ere Europako Konstituzioari euskal erabakigunearen aldeko guztiok jarrera bateratu bat hartu eta, erreferenduma deituko balitz, milaka eta milaka boz Europaren aurrean emateko?