H&M dendetako langileek greba mugagabeari ekin diote jarraipen zabalarekin

ELA sindikatuak, langileen arteko ordezkaritzan gehiengo osoa duenak, salatu du enpresak aurkeztutako espedientea ez datorrela bat krisi ekonomikoarekin. Alderantziz: H&M enpresa oro har errentagarria da, 2019an ia 22.000 milioi euro fakturatu eta 1270 milioiko irabaziak izan zituelako. Hala ere, datuak aldekoak izangatik ere, aurkeztutako egokitzapenak 1.000 pertsonari baino gehiagori eragingo die estatu osoan.
ELAk langileen lanaldia murriztu, eta enplegua banatzea eskatzen du, eta sortzen diren lanpostu berrien kasuan (bezeroarentzako arreta, biltegia, logistika eta banaketa…), ez daitezen azpikontratatu eta deslokalizatu, eta lan-baldintza eskasagoetan izan daitezen saihesteko neurriak ezarri ditzatela.
Gogoratu dezagun itxiera-, kaleratze- eta langile-doikuntzen prozesu hori enpresa ezartzen ari den on-line salmenta digitalizatu eta sustatzeko prozesuaren barruan kokatzen dela, eta beste merkataritza-kate handi batzuetan ere gertatzen ari dela. Horrelako enpresa-estrategiak aldatzen ez badira, ondorio nabariena sektoreko enpleguaren suntsipen larria eta deslokalizazioa izango da.